Itxi

Bilbao Basket

Larunbatean, 19:00etan

Bilbao Basketek Europako porrota ahaztu nahi du Tenerifen

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotarren azken garaipena La Lagunako kantxan 2014-2015 izan zen. Orduko hartan, Sito Alonsoren aginduetara zeuden jokalariak 68-85 gailendu ziren.

  • Bilbao Basketek irabazi egin zuen Endesa Ligako aurreko lehia Zaragozaren aurka: EFE

    Bilbao Basketek irabazi egin zuen Endesa Ligako aurreko lehia Zaragozaren aurka: EFE

RETAbet Bilbao Basketek Iberostar Tenerife izango du aurrez aurre larunbat honetan (19:00etan) Santiago Martin de La Laguna pabiloian. Bilbotarren xedea asteazkenean Eurokopan Limogesen aurka izandako porrotari buelta ematea izango da.

Aipatu porrotak eten egin zuen beltzezko gizonek errenkadan lortutako hiru garaipeneko bolada ona. Denboraldia duda-mudatsu hasi zuten bilbotarrek Endesa Ligan jarraian izandako bi porrotekin (Fuenlabradaren eta Madrilen aurka). Alabaina, ondoren irabazitako hiru partidek ligako ibilbidea orekatzea eta Europako lehiari ezin hobeto ekitea ahalbidetu zieten; izan ere, Lietuvos Rytasen etxean ondo merezitako garaipena poltsikoratu zuten.

Aitzitik, asteazkenean Limogesek gauzak zail jarri zizkien eta azkenerako Frantziarantz ihes egin zuten puntuak Bilbao Arenatik. Hartara, Tenerifen galduz gero, ligako azken postuetara jaitsiko lirateke, datorren astean Donostiara bisita egin aurretik, Gipuzkoa Basketen aurka derbya jokatzeko. Horrez gain, jarraian, beste bi aurkari oso zail izango dituzte zain: Bartzelona eta Valentzia.

Hiru egun aurretik Endesa Ligan Tecnyconta Zaragozaren kontra gertatutako gauza bera pasa zitzaion Bilbao Basketi Limogesen aurka, hau da, hasierako minutuetan epel antzera atera zirela arerioaren erritmoari eutsi ezinik.

Norgehiagoka bietan suspertu eta aurretik jarri ziren markagailuan bilbotarrak; haatik, Zaragozak bukaerako minutuetan amore eman bazuen, Limogesek eutsi egin zion, nahiz eta zalantza une batzuk igaro zituen.

Frantziarren aurka, gainera, beltzezko gizonei intentsitate puntu bat falta izan zitzaien defentsa-lanetan, aurreko partidetan bai izan zutena.

Dena dela, ez dirudi Tenerife eta haren kantxa tokirik aproposenak izan daitezkeenik garaipenen bidera bueltatzeko, bizkaitarrek ez baitute irabazi han jokatutako azken bost partidetan Endesa Ligan.

Bilbotarren azken garaipena La Lagunako kantxan 2014-2015 izan zen. Orduko hartan, Sito Alonsoren aginduetara zeuden jokalariak 68-85 gailendu ziren Quino Colomen (14 puntu eta 20ko balorazioarekin) eta Raul Lopezen (14 eta 17) eskutik.