Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Etxean galdutakoak berreskuratu nahi ditu Bilbao Basketek Errusian

Agentziak | Erredakzioa

Lokomotiv Kuban C Multzoko liderra izango du aurrez aurre, hau da, 2013ko finalean borrero izan zuen talde bera.

  • Bilbao Basketek galdu egin zuen aurreko jardunaldian Partizanne aurka . EFE

    Bilbao Basketek galdu egin zuen aurreko jardunaldian Partizanne aurka . EFE

RETAbet Bilbao Basketek Lokomotiv Kuban izango du aurkari asteazken honetan, Eurokopako lehen faseko laugarren jardunaldian. Bilbotarrek Miribillan galdutakoak berreskuratzeko asmoz bidaiatu dute Errusiara, eta hala kantxaratuko dira Krasnodarko Basket Hall aretora.

Beltzezko gizonek Limogesen eta Partizanen aurka Bilbao Arenan ezustean galdutako bi partidek (91-98 eta 92-96, hurrenez hurren) ezerezean utzi zuten lehenengo jardunaldian Lituanian, Lietuvos Rytasen aurka, lortutako garaipen distiratsua (83-93).

Horrenbestez, Lituanian egindakoa errepikatzeko nahia dute bilbotarrek asteazken honetan, taldearen oroitzapenetatik sekula aldenduko ez den talde baten aurrean. Izan ere, Bilbao Basketek galdu egin zuen Lokomotiv Kubanen aurka, Europako txapelketa batean inoiz jokatu duen final bakarrean (2013an, Belgikako Charleroi hirian).

Miribillakoek ez dute ahaztuko partida hartan izandako emaitza (64-75), eta kirol-mendekua hartzeko aukera aproposa daukate bihar, nahiz eta jakitun diren ez dutela lan erraza izango, errusiarrak C Multzo liderrak baitira, orain arte jokatutako hiru partidak irabazita.

Sasa Obradovicek entrenatzen duen taldeak Limogesen irabazi zuen estreinako norgehiagokan (61-63); jarraian, Alba Berlin hartu zuen etxean, eta erraz azpiratu zuen (75-59), eta, azkenik, 85-93 gailendu zitzaion Lietuvos Rytasi.

Errusiarren defentsa-lana azpimarratzekoa da, partidako 68,3 puntu besterik ez baitituzte jasotzen, baina hiru jokalari estatubatuarren erasorako ahalmena ere goraipatu beharra dago: Joe Ragland joko-antolatzailea (19,3 puntu eta 5,7 asistentzia), Chris Babb eskolta (14,7) eta Frank Elegar hegal-pibota (12,5 eta 7 errebote).

Bilbao Basketen aldetik, berriz, erasoko jokoan eraginkor ari da azaltzen (92), ez, ordea, defentsan, 92,3 puntu hartzen baititu. Jokalariei dagokienez, honako hauek dira txapelketan onenak izaten ari direnak: Dejan Todorovic (18,7), Axel Hervelle (13 eta 4,3) eta Alex Mumbru (11).

Partida STREAMING bidez jarraitu ahalko da eitb.eus-etik, baita etb1 katetik ere.