Itxi

Bilbao Basket

Gaur, Eurokopa

Bilbao Basketek Europan jarraitzeko aukera urriak baliatu nahi ditu Limogesen etxean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Miribillan pilatutako porroten ondorioz, Limogesen aurkako partida eta Partizanen konra jokatu beharreko hurrengoa ezinbesteko bihurtu dira Europan jarraitu ahal izateko.

  • Bilbao Basketek galdu egin zuen igandean etxean San Pablo Burgosen kontra. EFE

    Bilbao Basketek galdu egin zuen igandean etxean San Pablo Burgosen kontra. EFE

RETAbet Bilbao Basketek Limogesen kantxa bisitatuko du gaur, 20:00etan, igandean Miribillan jasotako porrota oraindik buruan duela; izan ere, azken aurreko tokian dagoen San Pablo Burgos garaipenarekin bueltatu zen etxera, eta gaiztotu egin zuen etxekoen egoera Endesa Ligan. Alabaina, bilbotarrek Eurokopako Top 16ra sailkatzeko dituzten aukera apurrei susperraldia emateko asmoz bidaiatu dute Frantziara.

Bilbao Basketek bost porrot jarraian jaso ditu Europan eta Endesa Ligan gainbehera doa, igandeko porrotarekin garaipen bakarrera baititu jaitsiera postuak.

Veljko Mrsic entrenatzaile berriaren zein Devin Thomas pibot estatubatuarraren debutek ez zuten ezertarako balio izan, bata zein bestearen estreinaldiko partidan taldeak emandako irudia aurreko norgehiagoketan azaldutakoa baino okerragoa izan baitzen.

Carles Duran aurreko entrenatzailearekin arazoa defentsan egindako lan eskasa bazen, aipatu gabeziek erasoko jokoari ere eragin zieten kroaziarraren estreinakoan.

Emaitza ezin kaskarragoak etxean

RETAbet bere kantxan ari da nabarmen huts egiten denboraldi honetan, bertan jokatutako bederatzi partidetatik bakarra besterik irabazi baitu.

Horrenbestez, Eurokopako laurak galdu ditu etxean, eta orain ia konponezina den egoerari buelta ematen saiatu behar du, batez ere hurrengo bi jardunaldietan, Limogesen eta Partizanen kantxetan. Bi talde horiek C Multzoan Bilbao Basketek harrapa ditzakeen hiru taldeetako bi dira, fase erregularrean txapelketatik at geratuko diren bi taldeetako bat ez izateko bidean.

Limogesen aurka Bilbon jokatutako partidan frantziarrek irabazi zuten (91-98).