Bilbao Basket
Egoera larria
Bilbao Basket hartzekodunen konkurtsoan sartu da
Erredakzioa
Klubak prentsaurrekoan eman du horren berri, eta Javier Barcala izendatu du zuzendari nagusi.
Bilbao Basket hartzekodunen konkurtsoan sartu da. Hala iragarri du klubak, ostiral honetan eskaini duen prentsaurrekoan. Gainera, Javier Barcala izendatu dute Bilbao Basketeko zuzendari nagusi. Carlos del Campo kontseilariak esan duenez, datorren astean argituko dituzte entrenatzailearen eta kirol-zuzendariaren izenak.
"Atzora arte ibili gara lanean hartzekodunekin akordio batera iristeko, baina kreditu batzuek behartu egiten gaituzte hartzekodunen konkurtsoan sartzera, hartzekodun guztiekin akordioak lortu ahal izateko. Helburua ahalik eta azkarren egitea da", esan du Del Campok. "ACBko igoerengatik eta jaitsierengatik jasotzen den diru-kopurua, baita kanonaren ustezko berreskuratzea eskaini diegu berme moduan hartzekodunei", gaineratu du.
"Ez badugu hitzarmenik adosten, kluba likidatzeko unea helduko da, baina ez du zentzurik horretara iristeak. Logikoena da konkurtso honetan adostasuna lortzea, dirua daukagulako hartzekodunen artean banatzeko. Kluba desagertuko balitz, hartzekodunek ezingo zuten dirurik jaso. Egoera hobetzeko aukera bat da hau, ez da tragedia bat", adierazi du Del Campok.
Bestalde, Javier Barcala izendatu dute Bilbao Basketeko zuzendari nagusi. Industria-ingeniaria da, 59 urte ditu eta "esperientzia du enpresa eta berrikuntza munduan".