Itxi

Bilbao Basket

Ofiziala

Javi Salgadok agur esan dio saskibaloiari

Erredakzioa

Santutxuko antolatzaileak bere erretiroa ofizial egin du. Hala ere, Bilbao Basketen 'staff' teknikoaren laguntzaile lanetan arituko dela iragarri du

1:30
Bilbao Basket: Javi Salgado, itzal handiko jokalaria

Javi Salgadok saskibaloia utziko duela iragarri du, 20 urteko ibilbidearen ostean. Halaber, hurrengo denboraldian RETAbet Bilbao Basketeko teknikari izango dela iragarri du, Alex Mumbru entrenatzaileari laguntzeko.

Salgadok 39 urte egingo ditu abuztuan eta prentsaurreko batean eman du bere erabakiaren berri. Mumbru taldeko entrenatzailea eta Rafa Pueyo kirol zuzendaria aldamenean izan ditu.

Joko antolatzaile bilbotarrak lasai hasi du bere hitzaldia, baina hunkituta eta malko artean amaitu du. Erretiroa hartzeko "momentu egokia" dela esan du, erabakia "asko hausnartu ostean", familiaren laguntzarekin. Bere ibilbidea Maristas ikastexe bilbotarrean hasi zuen eta, ondoren, profesional modura, Leonen, Bilbao Baketen, GBCn eta Estudiantesen aritu da.

Eskerrak emateko garaian, Bilbao Basketeko 14 zenbakiak jokatutako "klub guztiak" aipatu ditu, eta Bilbao Basket batez ere, "sentimendu gehiago eragiten dizkidan taldea, eta barru-barruan daramadana".

Horiez gain "zale guztiak, prestatzaile fisikoak, fisioak, ordezkariak, klubetako langileak, hedabideak, taldekideak, familia eta entrenatzaileak", aipatu ditu, Fernando Adan Maristasen izan zuen lehen entrenatzailetik hasita.

Mumbru: 'Taldekide moduan, bikaina izan da'

Bestalde, Alex Mumbruk esan du "harro" dagoela Salgado bezalako "adiskide" batek modu honetan agur esaten duelako, igoera lortzeko helburuan "duen azken izerdi tanta botata eta protagonista izanda".

"Taldekide bezala, bikaina izan da. Erreferentea da aldagelan, eta gurekin egotea garrantzitsua zela uste genuen. Ez bakarrik Bilbao Basketeko historiako jokalaririk garrantzitsuena delako, duen ezagutzagatik ere", azpimarratu du entrenatzaileak.