Itxi

Bilbao Basket

82-81

Bilbao Basketek garaipen handia erdietsi du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

RETAbet Bilbao Basket da Endesa Ligan Real Madril mendean hartu duen talde bakarra. Bilboko taldeak 82-81eko emaitzarekin irabazi du partida.

7:07
Bilbao Basket - Real Madril. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek garaipen handia lortu du Real Madrilen aurka (82-81) Endesa Ligako bederatzigarren jardunaldian. Real Madrilek ligan jaso duen lehen porrota da Miribillan jasotakoa. Talde bizkaitarrak, bost garaipeneko eta lau porroteko balantzea du, sailkapenaren goialdean dagaoelarik.

Gaizki ekin dio norgehiagokari Bilbao Basketek, eta azkar hartu du abantaila Real Madrilek (0-5). Beltzezko gizonek azkar erantzun dute (4-5), baina Lasok zuzentzen duen taldeak berriro bost puntuko errenta lortu du (6-11). Hala ere, etxeko taldeak ez ditu besoak jaitsi, eta laurdena bukatzeko bi minutu falta zirenean 10-16 galtzen joan den arren, bi puntuko abantailarekin amaitu ditu lehen hamar minutuak (23-21).

Bigarren laurdenari hasiera bikaina eman dio Bilbao Basketek, bederazti puntuko errenta lortuta (34-25). Real Madril ez da eroso jokatzen ibili, eta asko kosta zaio desabantaila murriztea. Dena den, talde bisitariak lau puntura murriztu ditu aldeak (41-37) atsedenaldira iritsi aurretik.

Atsedenaldiaren ostean, abantaila handitu du RETAbet Bilbao Basketek (49-43), baina Real Madril puntu batera gerturatu da (49-48). Ondoren, berriro nagusi izaten hasi da Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea, zuloa ireki du markagailuan, eta sei puntuko aldearekin heldu da azken laurdenera (60-54).

Real Madrilek partida berdindu du laugarren laurdena hasi bezain laster (60-60). Bilbao Basket, ordea, ez da urduri jarri, eta bost puntu aurretik kokatu da (65-60). Neurketa ero egon da, eta Real Madril puntu bakarrera hurbildu ostean (70-69), Bilbao Basketek sei puntuko errenta hartzea lortu du (75-69). Garaipena eskuan izan du talde bizkaitarrak, baina azken minutuak gaizki jokatu ditu, eta Real Madrilek luzapena behartu du (77-77).

Luzapena lehiatua eta parekatua izan da. Neurketa, Bilbao Basketen aldeko 82-81eko emaitzarekin iritsi da azken minutu t'erdira. Bi taldeetako bat ere ez da gai izan sakiratze bat lortzeko amaierako 90 segundoetan, eta garaipena RETAbet Bilbao Basketek eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

82 - RETAbet Bilbao Basket (23+18+19+17+5): Rousselle (9), Rafa Martinez (2), Bouteille (22), Sulejmanovic (4) eta Balvin (6) -hasierako taldea-; Schreiner, Jaylon Brown (21), Sergio Rodriguez (2), Kulboka (6), Lammers (19) eta Cruz.

81 - Real Madril (21+16+17+23+4): Llull (24), Carroll (20), Taylor (7), Garuba (9) eta Tavares (5) -hasierako taldea-, Campazzo (9), Laprovittola, Rudy Fernandez (3), Thompkins (2), Mickey (2) eta Nakic.

Partzialak: 23-21, 41-37 (atsedenaldia); 60-54, 77-77 (40') eta 82-81 (luzapenaren amaiera).

Epaileak: Antonio Conde, Vicente Bulto eta Vicente Martinez Silla. Taylor Real Madrileko jokalaria kanporatu dute 26. minutuan, bi teknika adierazi dizkiotelako.