Itxi

Bilbao Basket

Alarma-egoera

Bilbao Basket – Pinar Karsiyaka partida 20:00etara aurreratu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Saskibaloiko Txapeldunen Ligako multzoen faseko 1. jardunaldiko partida aurreikusitakoa baino ordu erdi lehenago jokatuko da, etxeratze-aginduagatik. ETB4n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da.

  • Luke Hakanson

    Luke Hakanson. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek iragarri duenez, astearte honetan Pinar Karsiyaka Turkiako taldearen aurka Miribillan jokatu behar duen Saskibaloiko Txapeldunen Ligako multzoen faseko lehen jardunaldiko norgehiagoka 20:00etara aurreratu da.

Euskal taldeak azaldu duenez, aurreikusitako ordua (20:30) baino ordu erdi aurretik jokatzearen arrazoia "zaleei etxera itzultzea erraztea" da. Izan ere, alarma-egoera dela-eta mugikortasuna murrizteko indarrean jarri diren neurri berriei jarraikiz, etxeratze-agindua egongo da jarrita 23:00etatik 06:00etara bitartean.

Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek esparru itxietarako ezarritako azken araudiaren arabera, 400 zale sartu ahal izango dira Bilbao Arenan neurketa hori ikustera.

Zuzenean, ETB4n eta eitb.eus-en

Bilbao Arenara bertaratu ezin izango diren zaleek partida zuzenean jarraitzeko aukera izango dute ETB4n eta eitb.eus-en.