Itxi

Bilbao Basket

FIBA EUROPE CUP

Bilbao Basketek Sibiuren etxean jokatuko du, final zortzirenetako txartelaren bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jaume Ponsarnauk entrenatzen duen taldeak fase honetako partida guztiak irabazi dituenez, taldeko lehen tokian dago. Norgehiagoka zuzenean ikusteko aukera egongo da, ETB4n eta eitb.eus-en.

  • Sibiuren kontrako joaneko partidaren argazkia

    Sibiuren kontrako joaneko partidaren argazkia. EFE

Surne Bilbao Basketek BC CSU Sibiu taldeari bisita egingo dio asteazken honetan, FIBA Europe Cup txapelketako final zortzirenetarako txartela ziurtatzeko asmoz. Jaume Ponsarnauk gidatzen dituen jokalariek fase honetan orain arte jokatutako lau partidak irabazi dituzte; beraz, B taldeko lehen postuan daude. Asteazkeneko norgehiagoka zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk, ETB4 telebista-katean zein eitb.eus webgunean, 18:00etatik aurrera.

Beltzezko gizonek erraz irabazi zioten Errumaniako taldeari joanekoan, eta helburu horrekin irtengo dira kantxara oraingoan ere. Sibiuk ez du oraindik irabazi fase honetan, taldeko azkena da, eta kanporatuta dago dagoeneko.

Lehian ari diren hamar multzoetako irabazleek soilik izango dute zuzenean final zortzirenetara sailkatzeko aukera. Horiez gain, bigarren postu onena lortzen duten sei taldeek ere aurrera egingo dute. Gaur egun, Glasgowko Caledoniak soilik ken diezaioke lehen tokia Bizkaiko taldeari; dena den, horretarako, geratzen zaizkien bi partidak irabazteaz gain, Bilbao Basketek galdu egin beharko lituzke bere bi neurketak. Azken jardunaldira berdinduta iritsiz gero, Bilbao Basketek joanekoan ateratako 58 puntuak irauli beharko lituzke Eskoziako ekipoak.

Alex Renfroe eta Sacha Killeya-Jones jokalarien bajak

Ponsarnauk ezin izango ditu Alex Renfroe eta Sacha Killeya-Jones kantxaratu. Beltzezko gizonen entrenatzaileak azaldutakoaren arabera, base estatubatuarra ez da Errumaniara joango, Endesa Ligako bigarren jardunaldian Baskoniaren kontra jokatutako partidatik duen lesioa zaintzeko. Killeya-Jones pibot britainiarra, bestetik, Real Madrilen aurkako norgehiagokan izandako erorikotik errekuperatzeke dagoela zehaztu du.

Horien ordez, Unai Barandalla eta Asier Fernandez harrobiko jokalariek egingo dute bidaia Errumaniara taldearekin.