Itxi

Gipuzkoa Basket

85-91

Porrot mingarria jaso du Gipuzkoa Basketek Manresaren aurka, luzapenean

eitb.eus

Talde gipuzkoarrak 85-91ko emaitzarekin galdu du Baxi Manresaren aurka. Garaipena gertu izan du GBCk, baina luzapenean aurkaria nagusitu da.

Delteco GBC taldeak porrot mingarria jaso du Baxi Manresaren aurka (85-91) Donostian, luzapena eta guzti izan duen partidan. Salbazioa lortzea gero eta zailago du talde gipuzkoarrak.

Gaizki ekin dio neurketari Gipuzkoa Basketek. Manresa nagusi izan da partida hasieran eta azkar hartu du abantaila Kataluniako taldeak. Ezinean ibili da talde gipuzkoarra lehen hamar minutuetan, eta Manresak 12 puntuko errenta eskuratu du (10-22).

Bigarren laurdenean, ordea, erabat aldatu da norgehiagoka. Delteco GBC askoz hobeto jokatzen hasi da, eta aldeak murriztea lortu du. Partidako 15. minutuan, 4 puntura gerturatu da talde gipuzkoarra (22-26). Ondoren, puntu bakarrera hurbildu (25-26), eta aurretik jarri da etxeko taldea. Ezinean ibili dena Manresa izan da, eta Gipuzkoa Basket 4 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (35-31).

Atsedenaldiaren ostean oso ondo jokatzen jarraitu du Delteco GBC taldeak. Hirugarren laurdeneko lehen minutuetan nagusi izan da, eta 8 puntuko errenta lortu du (44-36). Donostiako taldeak partida apurtzeko eta garaipena bideratzeko aukera izan du, baina Baxi Manresak erreakzionatu egin du, eta neurketa berdintzea lortu du laurdenaren azken txanpan (48-48 eta 51-51). Gainera, Kataluniako taldeak azken laurdenera aurretik iristea lortu du (51-5).

Amaierako laurdena oso parekatua izan da. Bi taldeei asko kosta zaie markagailuan zuloa irekitzea. Gipuzkoa Basketek 4 puntuko abantaila lortu du une baten (65-61), baina Manresak ez dio ihes egiten utzi, eta neurketa parekatu du berriro. Azken segundoetan, 2 puntuko abantaila izan du GBCk. Partida amaitzeko 2 segundo falta zirenean, jabetza Baxi Manresak izan du, Gipuzkoa Basketek falta pertsonala egin du jokaldia defendatzerakoan, eta bi jaurtiketa libreak sartuta, Kataluniako taldeak neurketa berdindu (74-74) eta luzapena behartu du.

Luzapenaren hasieran aurrea hartu du Baxi Manresak eta Delteco GBC taldeari zaila egin zaio markagailuan atzetik ibiltzea. Kataluniako taldeak 9 puntuko abantaila eskuratu (77-86) eta garaipena bideratuta utzi du. Gipuzkoa Basket saiatu da neurketa parekatzen, baina ez du lortu, eta porrota jaso du (85-91).

Fitxa teknikoa:

85.- Delteco Gipuzkoa Basket: Dani Perez (10), Van Lacke (9) Corbacho, Burjanadze (12) eta Barro (4)-hasierako taldeal- Nevells (20), Gutierrez (8), Salvó (4), Vobrov (4), Sekulic (14), Maiza, Oroz.

91.- Baxi Manresa: Toolson (19), Lundberg (22), Tomás (2), Lalanne (15), Dragovic (10)-hasierako bostekoa- Fisher (14), Jou, Sima (1),  Muñoz (1) eta Zubcic (7).

Epaileak: Perez Pizarro, Martinez eta Rial. Sekulic eta Lalanne kanporatu dituzte.