Itxi

Gipuzkoa Basket

66-67

Porrot mingarria jaso du Gipuzkoa Basketek, Valentziaren aurka

Erredakzioa

Azken laurdenaren hasieran hamar puntuko abantaila izan du Delteco GBCk, baina talde valentziarrak emaitza iraultzea lortu, eta garaipena eskuratu du.

5:07
Delteco GBC - Valencia Basket

Delteco Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Valentziaren aurka (66-67), partida handia jokatu ostean. Garaipena gertu izan du talde gipuzkoarrak, baina azken txanpan ihes egin dio.

Lehen laurdena oso parekatua eta puntu gutxikoa izan da. Bi taldeei kosta egin zaie saskiratzeak lortzea, eta defentsan sendo ibili dira. Lau puntuko abantaila izan du momentu baten Gipuzkoa Basketek, baina Valentziak azkar erantzun du, eta hasierako hamar minutuak berdinduta amaitu dira (14-14).

Bigarren laurdenari kaskar ekin dio Delteco GBC taldeak. Rebeci kirolez kontrako falta adierazi diote, eta Valentzia horretaz baliatu da abantaila lortzen hasteko. Atsedenaldira iristeko hiru minuturen faltan, 9 puntuko errenta (22-31) eskuratu du talde bisitariak. Norgehiagoka maldan gora jarri zaio Gipuzkoa Basketi, baina jokalariek ez dute etsi, eta lau puntura murriztu dute desabantaila (29-33).

Atsedenalditik kantxara itzuli ostean, Valentziak abantaila handitu du 7 puntura (31-38), baina Gipuzkoa Basketek azkar erreakzionatu du. Donostiako taldeak aurkariaren abantaila ezerezean uztea lortu du (41-41 eta 45-45). Ondoren, Valentzia baino hobea izan da GBC, eta lau puntuko abantaila eskuratu du (52-48), azken laurdenari ekiteko.

Bikain ekin dio azken laurdenari Gipuzkoa Basketek, abantaila hamar puntura handituta (62-52), baina Valentzia kalitate handiko taldea da, eta aldeak murriztea lortu du (64-60). Hala ere, Gipuzkoa Basketek sei puntuko errenta eskuratu du (66-60) azken bi minutuei aurre egiteko. Valentzia, ordea, nagusi izan da azken txanpan, eta puntu bakarrera gerturatu da (66-65) amaierarako minutu bakarra falta zenean. Azken minutuan oso gaizki jokatu du Delteco GBCk. Valentziak bi puntuko saskiratzea lortu du, Gipuzkoa Basketek ez du azken jabetzan asmatu, eta porrota jaso du (66-67).

Fitxa teknikoa:

66.- Delteco Gipuzkoa Basket (14+15+23+14): Dani Perez (2), Newells (14), Salvo (10), Burjanadze (6), Sekulic (4)- hasierako taldea- Maiza, Van Lacke, Barro, Salvo, Vobrov (12), Rebec (6), Zeisloft (12), Corbacho,

67.- Valentzia Basket (14+19+15+19): Labeyrie (12), Van Rosson (8), San Emeterio (11), Will Thomas, Rafa Martinez (3)- hasierako taldea- Diot, Garcia, Vives (7), Tobey (13), Sastre (5), Matt Thomas (2) eta Doornekamp (6).

Epaileak: Peruga. Aliaga eta Baena. Kanporaturik gabe.