Baskonia
19:45EAN, Martin Carpenan
Kirolbet Baskonia, Unicajaren kontrako kanporaketa gaur bertan erabakitzeko asmoz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Malaga
Final-laurdenetako lehen partidan lortu zuten garaipenak (87-70) hurrengo kanporaketara ahalik eta azkarren sailkatzeko abagunea eman die Pedro Martinezen mutilei.
Kirolbet Baskonia Endesa Ligako finalerdietarako sailkatzen saiatuko da gaur Unicaja Malagaren kontra. Talde andaluziarraren egoera estua da, ezin baitu huts egin Martin Carpenan jokatuko den lehian.
Igandean, final-laurdenetako lehen partidan, lortu zuten garaipenak (87-70) hurrengo kanporaketara ahalik eta azkarren sailkatzeko abagunea eman die Pedro Martinezen mutilei.
Kanpoko jaurtiketetan erakutsi zuten eraginkortasuna eta erreboteko nagusitasuna giltza izan ziren 1-0ekoa lortzeko.
Baskoniaren joko-antolatzaileak partidaren erritmoaren jabe izan ziren lehendabiziko neurketan, eta gauza bera egitea espero dute bigarrenean ere. Kontrara, Joan Plazak zuzentzen duen Malagako taldeak bere aukerei eutsi nahi die hirugarren norgehiagoka bat behartzeko.
Bigarren partidarako zalantza da Adam Waczynski hegaleko poloniarra, Malagakoek kanpoko jokoan duten mehatxurik nagusiena. Lehenengo neurketan apenas jokatu ahal izan zuen, min hartu baitzuen orkatilan Ilimane Diopekin izandako jokaldi batean.
Kirolbeten aldetik, berriz, jokalari guztiak daude jokatzeko moduan, baita Jayson Granger Unicajako jokalari ohia ere, orkatilan izandako bihurritu larri baten ostean. Aitzitik, Uruguaiko joko-antolatzaileak lehen partidan egindako ekarpen handiena eskolta postutik egin zuen.
Hain zuzen ere, Granger bera izan zen bi taldeen artean Malagan jokatu zuten azken aldian andaluziarrak azpiratu zituena. Izan ere, aurtengo denboraldian Malagara egindako bi bisitetan (Endesa Ligan zein Euroligan) Baskonia gailendu da.
Taldeak:
Kirolbet Baskonia: Huertas, Janning, Timma, Shengelia eta Poirier -balizko hasierako bostekoa-; Beaubois, Granger, Voigtmann, Vildoza, Diop, Garino eta Malmanis.
Unicaja: Alberto Díaz, Nedovic, Dani Díez, Brooks eta Augustine -balizko hasierako bostekoa-; Suárez, McCallum, Milosavljevic, Salin, Shermadini, Waczynski, Okouo eta Soluade.
Epaileak: Perez Perez, Castillo eta Caballero.
Kantxa: Martin Carpena.
Ordua: 19:45