Itxi

Baskonia

Play-offetako 2. partida

Kirolbet Baskonia goitik behera nagusitu zaio Unicajari eta finalerdietan izango da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pedro Martinezen mutilek nagusitasun osoz irabazi diote Malagako taldeari, eta Bartzelona Lassa edo Morabanc Andorra izango dute aurkari hurrengo kanporaketan.

Kirolbet Baskoniak 64-80 irabazi dio Unicajari Endesa Ligako play-offetako bigarren partida, eta finalerdietarako txartela lortu du, lehen partida ere Arabako taldeak irabazi baitzuen. MoraBanc Andorra edo Bartzelona izango da Baskoniaren aurkaria finalerdietan.

Neurketako lehen jokaldietan parekotasuna izan da nagusi (8-10), baina lehen laurdenaren erdialdetik aurrera Arabako taldeak erakustaldia eman du, eta Unicaja ezinean ibili da. Baskoniak partida hautsi du, eta 16 puntuko abantaila lortu du (11-27) lehen hamar minutuen amaieran.

Bigarren laurdenean, lehenengoan baino nabarmenagoa izan da Kirolbet Baskoniaren nagusitasuna, eta Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak errenta handiagoa lortu du. Arabako taldeak ez dio aukerarik eman Unicajari, eta 19 puntuko errentarekin iritsi da Baskonia atsedenaldira (33-52).

Atsedenaldiaren ostean, talde gasteiztarra ez da erlaxatu eta ez dio aldeak murrizteko aukerarik eman Unicajari. Kirolbet Baskoniak 23 puntuko aldea izan du (33-56), baina Malagako taldeak erreakzio txiki bat izan du, eta ez dio utzi abantaila handiagoa hartzen. Hirugarren laurdenaren amaieran, 20 puntuko abantaila eskuratu du Arabako taldeak (48-68).

Garaipena bideratuta baino gehiago utzi du Kirolbet Baskoniak aurreko laurdenetan, eta arazorik gabe lortu du garaipena, 64-80ko emaitzarekin. Finalerdietako kanporaketako lehen partida astelehenean (ekainak 4) jokatuko da, Buesa Arenan.

Fitxa teknikoa:

Unicaja 64 (11+22+15+16): Diaz (7), Nedovic (14), Milosavljevic (-), Brooks (-), Shermadini (11) —hasierako bostekoa—, Salin (6), Diez (8), Rosa (-), Augustine (6), McCallum (-), Okouo (4) eta Suarez (8).

Baskonia 80 (27+25+16+12): Huertas (11), Beaubois (13), Timma (4), Shengelia (8), Poirier (12) —hasierako bostekoa—, Vildoza (8), Voigtmann (7), Janning (6), Diop (4), Granger (-), Malmanis (-) eta Garino (7).

Epaileak: Perez Perez, Castillo eta Caballero. Diop eta Poirier (Baskonia) kanporatu dituzte.