Itxi

Baskonia

Endesa Ligako Finala

Kirolbet Baskoniak bigarren garaipena nahi du, titulua hurbilago izateko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Partida WiZink Centerren jokatuko da 22:15ean, finalak Buesa Arenara jauzi egin aurretik igandean.

  • Janis Timma Luka Doncic gelditzeko saiakeran. Argazkia: EFE

    Janis Timma Luka Doncic gelditzeko saiakeran. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskonia Real Madrili bigarren ezustekoa emateko asmoz kantxaratuko da ostiral honetan, Endesa Ligako finaleko bigarren partidan.

Asteazken gauean WiZink Centerren garaipena lortu ostean (90-94), kanporaketan orain duten abantaila areagotzen ahaleginduko dira gasteiztarrak ostiralean, Ligan laugarren titulua izango lukeena lortzeko bidean.

Baskoniak bere alde dauka historia; izan ere, finala 0-1 hasi den hamar aldietatik bederatzitan, lehen garaipena lortu zuen taldeak irabazi zuen liga txapelketa.

Gasteizko taldearekin porrot egin aurretik, Real Madrilek 16 partida zeramatzan galdu gabe Endesa Ligan; are gehiago, porrot bakarra zeukan Liga Erregularra eta play-offetako kanporaketen artean, eta 19-1eko marka zuen.

Datu horiek balio handiagoa ematen diote Baskoniak lehendabiziko partidan lortutakoari. Pedro Martinezen mutilek badakite euren jokamoldeari eutsi beharko diotela, lehendabiziko lehian baino energia gehiagorekin kantxaratuko den etxeko taldeari aurre egiteko.

Pablo Lasok zuzentzen duen taldeari bi partida jarraian irabaztea oso zaila dela gorabehera, Baskoniako jokalariek garbi dute, berriz irabazteko aukerak izan nahi baldin badituzte, ezinbestekoa dela aurreko norgehiagokan azaldu zuten taldeko lana errepikatzea.

Ostiralean Madrilen bigarren neurketa jokatu ostean, Buesa Arenak hartuko du finaleko hirugarren lehia, igandean. Gutxienez 14.000 zaleren babesa jasoko du Kirolbet Baskoniak etxean.