Itxi

Baskonia

77-56

Baskoniak Valentzia menderatu eta lidergoa lortu du

eitb.eus

Kirolbet Baskoniak 77-56 jipoitu du Valentzia Basket Buesa Arenan, eta Endesa Ligako lider jarri da zazpi jardunaldi jokatu direnean.

Kirolbet Baskoniak eroso irabazi dio Valentzia Basketi (77-56) Buesa Arenan, eta, emaitza horri eta jardunaldiko gainerako emaitzei esker, Arabako taldea da orain Endesa Ligako liderra. Zazpi jardunalditan sei garaipen eta porrot bateko balantzea lortu du Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak, eta averageagatik dago lehen postuan, Real Madrilek (bigarrena) eta Bartzelonak (hirugarrena) puntu-kopuru bera izan arren.

Gasteizko taldeak 4-0eko partzialarekin ekin dio neurketari, eta aurretik ibili da laurden osoan zehar. Bosgarren minututik aurrera hautsi du partida Baskoniak (17-10), eta 9 puntuko abantailarekin (29-20) amaitu du lehen laurdena.

Bigarren laurdenean, jaun eta jabe izan da Arabako taldea, eta Valentzia ezinean ibili da. Talde bisitaria ez da gai izan Baskoniaren erasoak gelditzeko, ezta etxeko taldearen defentsa gainditzeko ere. Pedro Martinezek zuzentzen duen taldea nagusi izan da bigarren laurdenean, eta 13 puntuko errentarekin heldu da atsedenaldira (45-32).

Norgehiagokaren gidoia ez da aldatu atsedenaldiaren ostean. Baskonia nagusi eta Valentzia ezinean. Hirugarren laurdenean, Arabako taldea aise aritu da, abantaila handitzea lortu du, eta neurketa ia erabakita utzi du (58-41).

Kirolbet Baskoniak 17 puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari, baina jokalariak ez dira erlaxatu, badaezpada. Gasteizko taldeak guztiz kontrolpean izan du neurketa, eta garaipen erosoa lortu du: 77-56.

Fitxa teknikoa:

77 - Kirolbet Baskonia (29+16+13+19): Huertas (10), Janning (9), Shields (4), Shengelia (14) eta Poirier (8); Vildoza (13), Voigtmann (2), Diop (3), Granger (5), Garino (9) eta Hilliard (-).

56 - Valentzia Basket (20+12+9+15): Van Rossom (2), Matt Thomas (16), San Emeterio (6), Will Thomas (2) eta Dubljevic (7); Abalde (2), Labeyrie (3), Tobey (8), Vives (8) eta Doornekamp (2).

Epaileak: Juan Carlos Garcia Gonzalez, Fernando Calatrava eta Martin Caballero. Ez dute inor kanporatu.