Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Baskonia

64-81

Baskoniak Unicaja jipoitu du

eitb.eus

Arabako taldeak 64-81eko emaitzarekin lortu du garaipena Malagako Martin Carpena pabilioian. Hasieratik amaieraraino jaun eta jabe izan da Perasovicek zuzentzen duen taldea.

Kirolbet Baskoniak garaipena eskuratu du Unicaja Malagaren aurka (64-81) Martin Carpena pabilioian eta Endesa Ligako bigarren postuan jarraitzen du, Bartzelona liderrarengandik garaipen bakarrera, 13 jardunaldi jokatu ostean.

Hasiera bikaina eman dio Baskoniak partidari, 0-12ko partziala lortuta. Ondoren, Unicajak bi saskiratze jarraian lortu ditu, Arabako taldearen saskiratze-bolada mozteko (4-12). Ondoren, 7 puntura murriztu du desabantaila Malagako taldeak (11-18), eta lehen 10 minutuak 8 puntuko abantailarekin amaitu ditu (12-20) Perasovicek zuzentzen duen taldeak.

Bigarren laurdenari ere oso ondo ekin dio Arabako taldeak. Kirolbet Baskonia nagusi izan da, eta 19 puntuko abantaila eskuratu du (17-36) laurdenaren erdialdean. Errenta erosoa izan du Baskoniak, eta Unicajak desabantaila pixka bat murriztea lortu duen arren, euskal taldearen aldeko 31-45eko emaitzarekin iritsi da neurketa atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu; Kirolbet Baskonia jaun eta jabe izan da, eta Unicaja, ezinean. Hirugarren laurdena bukatzeko 6 minutu baino gutxiago falta zirenean, 22 puntuko errenta eskuratu du talde gasteiztarrak (33-55), ordura arteko abantaila handiena, baina laurdena amaitzeko 2 minutu eta 40 segundo falta zirenean, 23 puntuko abantaila izan du (41-63). Hala ere, ez da hura izan neurketan ordura arte Baskoniak lortu duen errenta handiena, 25 puntuko abantaila eskuratu baitu hirugarren laurdena bukatzeko minutu bakarraren faltan (44-69). Perasovicek zuzentzen duen taldeak 46-69ko emaitzarekin heldu da azken laurdenera.

Kirolbet Baskoniak guztiz bideratuta izan du garaipena azken 10 minutuei ekin aurretik, eta azken laurdena kaskar hasi duen arren, Unicajak ez dio hasiera askoz hobea eman, eta Gasteizko taldeak abantaila erosoak mantentzea lortu du. Erasoan gaizki ibili den arren, Arbako taldeak 26 punturainoko aldea izan du (50-76), eta eroso jokatu ditu neurketako azken minutuak. Amaieran, Unicajak emaitza apur bat txukuntzea lortu du, baina Kirolbet Baskonia aise nagusitu da (64-81) Martin Carpenan.

Fitxa teknikoa:

64 - Unicaja (12+19+15+18): Okouo (2) Milosavljevic (0), Roberts (18), Lessort (6), Wiltjer (5) -hasierako taldea- Fernandez (8), Stilma (0), Diaz (0), Salin (4), Diez (8), Shermadini (8) eta Waczynski (5).

81 - Kirolbet Baskonia (20+25+24+12): Voigtmann (11), Huertas (9), Janning (13), Poirier (8), Shieds (7)-hasierako taldea- Penava (0), Vildoza (14), Gonzalez (0), Diop (11), Granger (0) eta Hilliard (8).

Epaileak: Perez Pizarro, Vicente Bulto eta Jacobo Rial.