Itxi

Baskonia

Denboraldi-aurrea

Baskonia abuztuaren 19an hasiko da lanean

Erredakzioa

Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldeak zortzi partida jokatuko ditu denboraldi-aurrean. Aurkezpen ofiziala irailaren 19an izango da Araba Sarian, Iberostar Teneriferen aurka, Buesa Arenan.

  • Vildoza eta Sergio Rodriguez. Argazkia: EFE

    Vildoza eta Sergio Rodriguez, Euroligako Baskonia-CSKA partidan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak abuztuaren 19an ekingo dio denboraldi-aurreari, eta zortzi partida jokatuko ditu 2019-2020 denboraldia hasi aurretik. Velimir Perasovicek zuzentzen duen taldeak bi aste entrenatu ondoren jokatuko ditu adiskidantzazko partidak.

Lehen norgehiagoka abuztuaren 31n jokatuko dute San Pablo Burgosen aurka, Buesa Arenan, ateak itxita, 18:30ean. Jende aurrean jokatuko duten lehen partida, ordea, irailaren 4an izango da, Iberostar Teneriferen kontra, Iruñean. Hiru egun geroago, irailaren 7an, Biarritzen jokatuko du Baskoniak, Elain Berrais Frantziako lehen mailako taldearen kontra. Hurrengo egunean, talde frantziarra izango du aurkari berriro, baina oraindik ez dute zehaztu zein ordutan eta non arituko diren.

Oviedoko Nazioarteko Txapelketan parte hartuko du Arabako taldeak, irailaren 11n eta 12an, Real Madril, Obras Sanitarias de Argentina, eta Liberbank Oviedo (Urrezko LEB Maila) taldeekin batera. Gasteiztarrek talde argentinarra izango dute aurrean finalerdietan. Norgehiagoka guztiak Pumarin pabiloian jokatuko dira. Bestalde, irailaren 14an, 21:30ean, Euskal Kopa jokatuko du Kirolbet Baskoniak, RETAbet Bilbao Basketen aurka, Barakaldon, Lasesarre kiroldegian.

Denboraldi-aurreari amaiera emateko, Baskoniak Iberostar Teneriferen aurkako partidan egingo du aurkezpen ofiziala, Araba Sarian, irailaren 19an, Buesa Arena pabiloian.