Itxi

Saskibaloia

41 urterekin

Saskibaloian jokatzeari utziko diola iragarri du Pau Gasolek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

41 urteko pibot kataluniarrak saskibaloiko kantxak uztea erabaki du NBAn 18 denboraldi jokatu eta , besteak beste, Los Angeles Lakers taldearekin bi eraztun irabazi ondoren.

  • Pau Gasol bere agurra iragarri duen prentsaurrekoan.

    Pau Gasol bere agurra iragarri duen prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Pau Gasol pibot kataluniarrak saskibaloi profesionala utziko duela iragarri du astearte honetan, goi-mailan bi hamarkada baino gehiago eman dituen ibilbide gogoangarri bati amaiera emanez. Gasolek arrakasta ugari lortu zituen bai NBAko hainbat frankiziarekin, Bartzelonarekin zein Espainiako selekzioarekin.

"Gaur hemen nago zuei jakinarazteko batzuk dagoeneko susmatu duzuena, hau da, saskibaloi profesionaletik erretiratuko naizela. Erabaki zaila da, hainbeste urteren ondoren, baina hausnartua", iragarri du Gasolek Bartzelonako Lizeo Antzokian duen agerraldian.

 

Honako hauek dira Pau Gasolen kirol-ibilbideko daturik garrantzitsuenak:

1980: Bartzelonan jaio zen.

1996: FC Bartzelonan sartu zen.

1998: Urrea lortu zuen Mannheimeko Torneoan (Munduko Txapelketa ez-ofiziala), baita Bulgariako Europako Junior Txapelketan ere.

1999-01-17: ACB Ligan debutatu zuen.

1999: Urrezko domina lortu zuen junior mailako Portugalgo Munduko Txapelketan.

2001: Errege Kopa eta ACB Liga irabazi zituen, eta bietan jokalari onena izendatu zuten.

2001: Atlanta Hawksek NBAko drafteko hirugarren postuan hautatu zuen, eta, ondoren, Memphis Grizzliesek 4 urterako fitxatu zuen.

2002: NBAko urteko hasiberri onenaren saria jaso zuen.

2002: Bosgarren tokia lortu zuen Indianapoliseko Munduko Txapelketan.

2006: NBAko Izarren partida (All Star) jokatzeko hautatu zuten lehen aldiz (guztira sei aldiz aukeratu zuten bertan aritzeko).

2006: Japoniako Munduko Txapelketan urrea irabazi zuen, nahiz eta ezin izan zuen finala lesio bategatik. Kiroletako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen Espainiako selekzioarekin.

2008: Los Angeles Lakersek fitxatu zuen eta, NBAko finalista izan zen.

2008: Zilarrezko domina erdietsi zuen Beijingo Olinpiar Jokoetan.

2009: NBAko lehen eraztuna eskuratu zuen Lakersekin, eta Eurobasketa ere irabazi zuen.

2010: NBAko bigarren txapelketa irabazi zuen Lakersekin.

2011: Urrezko domina irabazi zuen Eurobasketean.

2012: Zilarrezko domina eskuratu zuen Londresko Olinpiar Jokoetan.

2014-2016: Chicago Bulls taldearekin jokatu zuen.

2015: Marc anaiarekin batera Kiroletako Asturiasko Printzesa Saria partekatu zuen.

2015: Urrea lortu zuen Eurobasketean, eta txapelketako jokalaririk onena izendatu zuten.

2016: Brontzezko domina eskuratu zuen Rioko Olinpiar Jokoetan.

2016-2019: San Antonio Spurs taldean jokatu zuen. 2018an, ezker oinean estresak eragindako haustura diagnostikatu zioten.

2019: Milwaukee Bucks taldean jokatu zuen hilabete batzuetan, eta ebakuntza egin zioten oineko lesioarengatik.

2019: Portland Trail Blazers taldeak fitxatu zuen, baina ez zuen jokatu eta bertako batzorde teknikoan sartu zen.

2021: Bartzelonara itzuli zen denboraldia amaitu arte (Liga irabazi zuen), eta selekzioa utzi zuen Tokion, bere bosgarren hitzordu olinpikoan.