Itxi

Saskibaloia

NBA

Donovan Mitchellek historia egin du 71 puntu sartuta, NBAko zortzigarren kopuru handiena

AGENTZIAK | EITB MEDIA

2006ko urtarrilean Kobe Bryantek 81 puntu erdietsi zituenetik ez da halako jardun emankorri egon Ameriketako Estatu batuetako saskibaloi ligan.

  • Donovan Mitchell, Chicago Bullsen aurkako lehian

    Donovan Mitchell, Chicago Bullsen aurkako lehian. Argazkia: EFE

Donovan Mitchell saskibaloi jokalari estatubatuarrak balentria handia egin du astearte honetan NBA txapelketan, 71 puntu sartu baititu Cleveland Cavaliers bere taldeak Chicago Bullsen aurka luzapenean irabazitako partidan (145-134). Mitchellek ezarritako marka NBAko historiako zortzigarren puntu kopururik handiena da.

Hamazazpi urte igaro dira New Yorkeko eskoltak saskiratutako puntu kopurua gainditzen duen jardun bat azkenekoz gertatu zenetik. Hain zuzen ere, 2006ko urtarrilean Kobe Bryantek 81 puntu erdietsi zituen Los Angeles Lakersek Toronto Raptorsen aurka lortutako garaipenean.

"Errekorren liburuetan, besteak beste, Wilt [Chamberlain]en aldamenean egoteak apal sentiarazten nau. Beti uste nuen ligako jokalari onenetakoa izan nintekeela", adierazi du Mitchellek partidaren ostean. Chamberlain da NBAko marka altuena, 100 punturekin.

Mitchellek luzapena behartu zuen azken laurdena amaitzeko lau segundo falta zirenean. Jaurtiketa libre bat nahita huts egin ondoren, Mitchellek errebotea hartu, eta neurkera orekatu zuen saskiratzea gauzatu du (130-130). Gainera, luzapenean bere taldeak lortutako 15 puntuetatik 13 sartu ditu, Clevelandeko liderrak. Horrenbestez, Cavaliersek denboraldiko 24. garaipena lortu du, une batzuetan 21 puntugatik galtzen joan den arren.