Surf-a
Garatzeko bat egin dute
Pukasek eta Tecnaliak, teknologia integratua duen lehen surfeko taula
Redacción
Surflariek beren teknika hobetu ahal izango dute, datu kualitatiboak eta objektiboak jasotzeari esker.
PUKASek eta TECNALIAk surfeko taulen portaera ikertzen eta ezagutzen duen sistema aurkeztu dute gaur, Aritz Aranburu eliteko surflariaren erakustaldiaren bidez. Proiektu horren ondorioek eta emaitzek aukera berriak sortu dituzte teknologien aplikazioan, entrenamenduetan eta produktuaren garapenean.
Sentsazioek gidatzen duten kirola izaten jarraitzen du surfak. Taulen diseinuan eta fabrikazioan egin diren berrikuntza gehienak, baita surf-teknikaren analisia ere, ''proba/akatsa'' prozeduretan eta shaper-en, entrenatzaileen eta surflarien esperientzietan oinarritzen dira. Proiektu bateratu honen sustatzaileek, PUKASek eta TECNALIAk, ''sentsazioei zenbakiak jarri'' nahi dizkiete, eta orain arte kuantifikatu ez diren datuak jaso. Datu horiek surfeko taulen ezaugarriak, surflarien errendimendu teknikoa eta lehiaketan izaten dituzten parametroen neurketa hobetzeko erabiliko dira zuzenean.
Ikerketa horrek iraultza ekarriko du surfeko taulak fabrikatzeko prozesuetan, fabrikatzaileek taularen puntu kritikoen eta ezaugarrien mapa bat izango baitute eskuragai. Hala, propietate jakin batzuk dituzten materialak sartu ahal izango dituzte, kantitate zehatz batzuetan, surfeko taularen gainazaleko puntu jakin batzuetan.
Proiektua gauzatzeko, alde batetik, surfeko taulan bertan datuak jasotzeko gailu elektronikoak -sentsoreak eta hardwarea-instalatu behar izan dira. Horiek ordenagailu batera igortzen dituzte jasotako datuak. Bestetik, surfeko taulen ezaugarri mekanikoak karakterizatu dira, horien portaera mekanikoa kuantifikatzeko eta surflari bakoitzaren neurrira moldatzeko. Halaber, laborategian egiteko saiakuntzak definitu dira, taulen zurruntasuna/malgutasuna eta apurtzearekiko erresistentzia kuantifikatzeko.
Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Kepa Acero eta Mario Azurza eliteko surflariek egin dituzte lehen saiakuntza definituak, surfeko taulek jasan behar dituzten esfortzuak ahalik eta zehatzena karakterizatu ahal izateko. Proiektuaren hurrengo faseetan, beste surflari profesional batzuek ere laguntzea espero da, besteak beste, Tiago Pires, Joan Duru, Eneko Acero eta Tim Boal-ek.
Zenbait datu:
- TECNALIA RESEARCH &' || 'amp; INNOVATION Espainiako ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da, eta Europako bosgarrena. Ezagutza BPG bihurtzea du helburu, pertsonen bizitza hobetzeko eta enpresetan negozio-aukerak sortzeko. Tecnalia Korporazio Teknologikoko partaide da TECNALIA, AZTI-Tecnalia eta NEIKER-Tecnaliarekin batera. Korporazio horretan, hiru teknologia-zentroek estrategia bera dute, eta lan egiteko eredu berritzaile bera, sektorekako negozio-unitateetan oinarritua eta zeharkakotasun handikoa.
- Pukas Surf prestazio handiko taulen Europako fabrikatzaile eta banatzaile handiena da. Mundu osoan da ezaguna gipuzkoar marka, eta Sunny Garcia (Haw) eta Gabriel Medina (Bra) punta-puntako surflariak munduko txapeldun izan dira Pukas taulekin surf eginez. Aritz Aranburu (Eus), Tiago Pires (Por) eta Joan Duru (Fra) dira, besteak beste, Tecnalia-Pukas ekimenaren emaitzez balia daitezkeen Europako surflari onenetako batzuk.