Surf-a
San Miguel Pro Zarautzen
Aritz Aranburu eta Hodei Collazo surflarien arteko lehia
Redacción
Zarauztarrek garaipena etxean gera dadin borrokatuko dute egunotan Zarauzko San Miguel Pron.
-
Aritz Aranburu
Ostegunean 27 urte beteko dituen Aranburu munduko rankineko 67. postuan dago. Berezkoa du izaera lehiakorra, eta motibazio handiarekin dator etxean jokatzera. Gainera, 2007an lortutako garaipena errepikatzeko esperantza dauka. San Miguelen riderra WQS zirkuitu profesionalean irabazle izan da askotan, eta belaunaldi gazteen idolo bilakatu da.
Zirkuitu profesionaleko proben %90ean parte hartzen du eta soberan daukan denbora "free surfean" pasatzen du. Txapelketak alde batera utziz, modalitate horren helburu nagusia da munduko hondartza urrunetan esperientzia berriak bilatzea. Aranbururen webgunean, www.aritzaranburu.com, bidaia horietan grabatutako bideoak ikus daitezke, eta mundu osoko milaka pertsonek jarraitzen dituzte zarauztarraren abenturak.
Duela gutxi, Kepa Acero surflariarekin Indonesiako irla bakarti batera joan zen Aritz. Bost egun eman zituzten surfean, gainean eramandako janarekin eta zibilizaziotik aldenduta. Kepak ez du jada lehiaketetan parte hartzen, baina Zarautza etorri da proba jarraitzera. Orain '5 Itsaso' bakarkako proiektuan murgilduta dago, eta mundu osoan zehar dabil kamera eskuan hartuta. "Imajina ezazu hondartza eder bat, olatu perfektuekin, eta bertan zu bakarrik surfean, edo lagunen batekin... Momentu ahaztezinak dira". Aritzek ere gogo handiz bizi ditu horrelako esperientziak, txapelketatik baino "mendizaletasunetik gertuago" daudenak: "Kultur esperientziak, abenturak eta naturarekin harremanean egotea bilatzen dugu". Grabatzen dituzten bideoetan agerikoa da, momentu ikusgarriak bizi ez ezik, arriskuak ere gainditu behar izaten dituztela.
Lehiaketak 'free surf'eko proiektuekin uztartzea zaila den arren, Aritz Aranbururen esanetan, urte hau berezia da eta ez luke ezer aldatuko. "Gauza biak egin nahi ditut; horixe eskatzen dit buruak oraintxe bertan".
Aranburuk uste du Euskadiko eta Espainiako federazioek esfortzu gehiago egin beharko luketela surfean sortzen diren talentuei bultzada emateko, Australia, Frantzia edo Portugal bezalako latitudeetako surfa ezagutzeko aukera izan dezaten. "Badakit zaila dela gurasoentzat 12 edo 13 urteko seme-alabari beste herrialde batzuetara joaten uztea aste edo hilabete batzuk pasatzera, baina gaur egun beharrezkoa da goren mailara iristeko. Eta horretarako, gaztetxoek erakundeen laguntza behar dute".
Hodei Collazo zarauztarrak ere ibilbide profesional luzea egin du goi mailako lehiaketan eta munduko rankineko 92. postuan dago egun. ASPko rankinean puntuak gehitzeko asmoa dauka eta, behingoz, ondo jokatu nahi du etxean, momentura arte ez baititu emaitza onak lortu. "Ez dakit zer gertatzen zaidan, olatuak ezagutuko ez banitu bezala aritzen naiz, horiek gaizki aukeratuz", adierazi du. "Sei ekitaldietan parte hartu dut eta iazkoan soilik aritu nintzen nahiko ondo". Beraz, motibazio handiarekin dator zorte txarreko bolada hori haustera; izan ere, "nire senide eta lagunen aurrean ahalik eta ondoan jardun nahi dut".
Euskadiko surfaren egoerari dagokionez, Zarautz Europako harrobi onenetarikoa dela uste du, baina "Australia, Ameriketako Estatu Batuak eta Brasil 20 urte aurreratuago" daudela onartzen du. Hala ere, bertan talentua soberan dagoela nabarmentzen du: "Atzetik datozkigu 16 eta 17 urteko gazte oso onak, gogo askorekin".