Itxi

4. Etapa

4. Etapa

4. Etapa

4. etapa

Vingegaardek, Roglicek eta Evenepoelek eroriko larria izan dute Itzuliko 4. etapan, eta lasterketa utzi dute

EITB MEDIA

Vismako danimarkarra anbulantziaz eraman dute, immobilizatuta; erorikoa Legutioko helmugarako 34 bat kilometro gelditzen zirela jazo da.

3:39

Visma Leake a Bike taldeko Jonas Vingegaardek, 2023ko Euskal Herriko Itzuliaren irabazlea eta 2022ko eta 2023ko Frantziako Tourraren txapelduna bera, 2024ko Euskal Herriko Itzuliaren lider Primoz Roglicek (BORA-hansgrohe) eta bigarren postuan zegoen Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoelek 2024ko Euskal Herriko Itzulia utzi behar izan dute, ostegunean, lasterketako laugarren etapan; izan ere, beste txirrindulari batzuen batera, eroriko larria izan dute, helmugarako 34 bat kilometro gelditzen zirela, Olaeta mendatea jaisten ari zirela.

Aurrerapena

Istripua bihurgune batean gertatu da. Tropelak ezkerretara jo du, hori hartzeko, Mikel Landa aurreneko tokian zegoela; tropeleko buruan, dozena bat txirrindulari jauzi dira, eta lesio larriak izan dituzte.

3:39

Jazotakoaren ondorioz, Jonas Vingegaardek, Primoz Roglicek, Remco Evenepoelek eta beste txirrindulari batzuek, Jay Vinek kasu (azken hori ere ospitaleratu dute), errepidean bertan artatu dituzte, eta, kasu batzuetan, anbulantziaz eraman.

Jonas Vingegaardek hartu du minik handiena, irudietan ikusgai zegoenez. Vismako danimarkarra anbulantziaz eraman behar izan dute, eta esku ohean sartu dute anbulantzia horretan; lepokoa jarri diote, bai eta oxigenoa ere. Herbehereetako taldeko Prentsa taldeak zehaztu duenez, Vingegaardek ez du konortea galdu, erorikoa izan eta gero.

Primoz Roglic eta Remco Evenepoel, ordea, oinez joan dira taldeetako autoetara; pentsatzeko modukoa da, hortaz, ez daudela horren larri, nahiz eta proba utzi behar izan duten.

Itzuliaren antolatzaileek, orduan, hainbat erabaki garrantzitsu hartu dituzte; lehenik, lasterketa eten dute, anbulantziek erorikoa izan den puntura heltzeko aukera izan zezaten; handik gutxira, agindu dute lasterketa neutralizatuta joango zela Eskoriatzara, Untzilla mendatea bertan behera utzita; azkenik, antolatzaileek ebatzi dute istripua jazo denean lasterketa buruan zeuden sei txirrindulariek lehiatuko zutela etapako garaipena, eta gainerako guztiak neutralizatuta helduko zirela Legutiora; denborek ez zuten baliorik izango, sailkapen nagusian. Hauek izan dira: Mikel Retegi barañaindarra (Kern Pharma), Joseba Lopez gasteiztarra (Caja Rural-Seguros RGA), Reuben Thompson (Groupama-FDJ), Louis Mentjes (Intermarche), Mathieu Burgardeau (TotalEnergies), eta Karel Vacek (Burgos-BH).