Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

3. etapa

McCarthy gailendu da Gaubeako esprintean

Mikel Dominguez | eitb.eus

Bora-Hansgrohe taldeko australiarra izan da azkarrena. Azken 500 metroetara arte ez da argi egon 3. etapa esprintean bukatuko zen ala bukaerako saiakeraren bat arrakastatsu irtengo ote zen.

1:36

Jay McCarthyk (Bora-Hansgrohe) irabazi du 2018ko Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa, Bermeo eta Gaubea artean (184 kilometro). Sailkapen orokorrean ez da aldaketarik izan, eta Julian Alaphilippek (Quick Step-Floors) lider izaten jarraitzen du.

Tropela batuta iritsi da helmugara, Alex Aranburu (Caja Rural-Seguros RGA) azken 500 metroetan harrapatuta. Bera izan da garaipenaren bila erasoa jo duen azken ausarta, oso ibilbide gorabeheratsuak lagundutako bukaera bizian.

Esprintean, australiarra izan da azkarrena, Aleksandr Riabushenko (UAE Emirates) eta Michal Kwiatkowskiren (Sky) aurretik. Julian Alaphilippe aurrean izan da, baina ezin izan du lortu lasterketako hirugarren garaipena. Frantziarrak, aldiz, ez du arazorik izan liderraren maillota mantentzeko. Primoz Roglici (LottoNL-Jumbo) 8 segundo ateratzen dizkio sailkapenean.

Thomas de Gendt (Lotto-Soudal) eta Christopher Juul-Jensen (Mitchelton-Scott) etapako protagonistak izan dira, hasieratik ihes eginda. Jon Irisarri (Caja Rural-Seguros RGA) eta Aritz Bagues (Euskadi Basque Country-Murias) bigarren taldean ibili dira. Lasterketa burura heldu dira Aretxabalganeko (3. maila; eguneko bigarren mendatea) jaitsieran.

Hala ere, Ben Kingek (Dimension Data) eta Pavel Sivakovek (Sky) baino ez dute lortu con De Gendt eta Juul-Jensenekin batera azken 50 kilometroetan sartzea. Skyk Kwiatkowski eta De la Cruz bidali ditu tropeletik, eta azkenean, kataluniarra eta Juul-Jensen geratu dira, 13 kilometro falta izan direnean, lasterketa buruan. Tropelarekin norgehiagoka estua izan dute, baina talde nagusiak irabazi du, biak 3 kilometroren faltan harrapatuta.

Ibilbide gorabeheratsuari esker, Dylan Teuns (BMC), Jose Joaquín Rojas (Movistar) eta Aranbururen erasoak ikusi dira azken hiru kilometroetan, baina tropelaren abiadura gailendu da azkenean, eta McCarthyk denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du.

Roglicek maillot horia lortzeko aukera ona izango du 4. etapan, Lodosako erlojupekoan (19,4 kilometro).

3. ETAPAKO SAILKAPENAK