Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

Ofiziala

Euskal Herriko Itzulia, atzeratuta koronabirusagatik

Erredakzioa

Koronabirusaren pandemiaren eraginez, lasterketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek, eta 2020an egitea dute helburu UCIri beste data batzuetan egin ahal izateko baimena eskatuta.

  • Daniel Martin eta Ion Izagirre. Argazkia: EFE

    Daniel Martin eta Ion Izagirre txapelduna, podiumean. Argazkia: EFE

2020ko Euskal Herriko Itzulia atzeratu egin da koronabirusagatik. Pandemia dela eta, lasterketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek, eta 2020an lasterketa egin ahal izatea dute helburu. Horretarako, Nazioarteko Txirrindulari Batasunarekin (UCI) hitz egin nahi dute, beste data batzuetan egin ahal izateko baimena eskatuta. 

Hala, antolatzaileek zabaldutako oharrean adierazi dute "osasun larrialdiko egoera kontuan hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aginteen jarraibideak betez" hartutako erabakia izan dela.

Lasterketa apirilaren 6tik 11ra zen jokatzekoa, baina hori ezinezkoa dela ikusita, antolatzaileak dagoeneko jarri dira UCIrekin harremanetan, "lasterketa egutegian mugitze aldera".

Julian Eraso Euskadi Txirrindulari Antolakuntzako (OCETA) presidenteak azaldu duenez, "lasterketaren antolakuntzak ahal izan duen guztia egin du lasterketari eusteko".

Erasok zehaztu du koronabirusaren aurkako osasun protokolo aplikagarria agintari eskudunen aurrean aurkeztu zutela, eta, aipatu protokoloak honako hauek barne hartzen zituen, besteak beste: antolatzaileei eta txirrindulariei tenperatura kontrolak egitea sarbideetan, zona itxiak ezartzea abiatzeko lekuetan eta helmugetan, zona eta euskarri guztiak desinfektatzea... Dena den, "bizi dugun egoera hain latza denez, eta azken gertaerak ikusita, gure ustez irtenbiderik arduratsuena ekimena atzeratzea da, lasterketako lehiakide guztien, zaleen eta, oro har, gizartearen segurtasunari eusteko, gaineratu du Erasok.

Hain erabaki zaila hartu ostean, Itzuliko antolatzaileek "eskerrak" eman dizkiete 2020ko edizioko "abiapuntu edo helmugako udal guztiei, babesleei, erakundeei, taldeei, aholkulari medikoei, hedabideei, zaleei, eta abarrei [...] agertutako ulergarritasunagatik".

Bestalde, Itzuliak, UCIk 2020. urterako data berri bat emateko zain dagoen bitartean, jada aurreratu du 2021eko edizioa apirilaren 5etik 10era izango dela.