Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

4. etapa

Dombrowskik lortu du etapa garaipena eta De Marchi da lider berria

A. B. E | EITB Media

Joe Dombrowskik irabazi du Giroko 4. etapa eta 2. izan den Alesaandro De Marchik jantzi du maglia arrosa. Landa, Bernalekin batera helmugaratu da, eta segundo batzuk atera dizkie faborito askori.

  • Joe Dombrowski

    Joe Dombrowski, garaipena ospatzen. Argazkia: EITB Media

Joe Dombrowskik (UAE Emirates) irabazi du Italiako Giroko laugarren etapa, Piacenza eta Sestola artean (187 km) egin dena, eta Alessandro De Marchik (Israel Start Up) jantzi du liderarren maglia arrosa

Mendiko lehen etapan, 29 urteko Dombrowski nagusitu da, 25 txirrindularik osatutako eguneko ihesaldian sartu, eta bakarrik helmugaratuta. Alessandro De Marchi izan da bigarren 13 segundora eta Filippo Fiorelli (Bardiani) hirugarren, 37 segundora.

Etapak amaiera bizia izan du, eta faboritoen arteko lehia ikusi ahal izan da, helmugarako hiru kilometro falta zirenean Mikel Landak jo duen erasoari esker. Landak erasoa jo eta arazoetan sartu ditu garaipena lortzeko faboritoetako batzuk. Egan Bernalek (Ineos) hotz jokatu du; itxaron egin du, metro batzuetako abantaila hartzen utzi dio Landari, eta kolonbiarrak nahiko eraso harrapatu du euskal txirrindularia. Mikel Landa irabazlearengandik 1'37"ra helmugaratu da, Bernal, Vlasov, Carthy eta Ciccone txirrindulariekin batera. Hauek 11 segundo atera dizkiete Evenepoel, Simon Yates eta Dan Martin txirrindulariei. Marc Soler, etapa garailearengandik 2'11"ra helmugaratu da.

Sailkapen nagusian De Marchi da liderra, 22 segundo ateratzen dizkio bigarren den Dombrowskiri, eta Louis Vervaeke (Alpecin) da hirugarren 42 segundora. Vlasov zazpigarren da, Evenepoel zortzigarren, eta Bernal hamaikagarren. Mikel Landa hamabigarren postuan da, liderrarengandik 1'49"ra.