Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

ITALIAKO GIROKO 3. ETAPA

Cavendishek bereganatu du Giroko lehen esprinta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Giroan lortzen duen 16. etapa garaipena erdietsi du Quick-Step taldeko txirrindulari britainiarrak. Sailkapen nagusiari begira, aldaketarik gabeko eguna izan da, eta, hartara, Mathieu van der Poelek elastiko arrosarekin jarraitzen du.

  • Mark Cavendish, Giroko lehen etapako irabazlea

    Mark Cavendish, Giroko lehen etapako irabazlea. Argazkia: EFE

Mark Cavendish (Quick-Step) britainiarrak bereganatu du Kaposvár eta Balatonfüred (201 km) hirien artean jokatu den Italiako Giroko hirugarren etapa, esprintean azkarrena izan ostean. Giroan lortzen duen 16. etapa garaipena erdietsi du Man uhartean jaiotako txirrindulari beteranoak (36 urte), 2013tik lortzen duen lehena eta bere kirol ibilbideko 160.a. Sailkapen nagusiari begira, aldaketarik gabeko eguna izan da, eta, hartara, Mathieu van der Poelek elastiko arrosarekin jarraitzen du.

Samuele Rivi (Eolo-Kometa), Mattia Bais (Drone Hopper) eta Filippo Tagliani (Drone Hopper-Androni Giocattoli) italiarrak izan dira etapako protagonista nagusienak, ia hasieratik bertatik ihes eginda ibili baitira, gehienez lau minutuko tartea izan dutela. Azken biek, gainera, lasterketako bigarren ihesaldi handian esku hartu dute, ostiralean Giroari hasiera eman zion lehen jardunaldian ere tropelari aurre hartuta egon baitziren ia egun osoan. Alabaina, aurreakoan gertatu legez, tropelak ez du errukirik izan, eta etapa amaitzeko 28 kilometroren faltan harrapatu ditu iheskide guztiak.

Orduan, Israel-PremierTechek hartu du lasterketako kontrola, eta jarraian gainerako taldeak aktibatu egin dira bere esprinterrak helmugarako ahalik eta ondoen kokatuta eramateko asmoz. Pascal Eenkhoorn (Jumbo-Visma) herbeheretarrak metro batzuetako aldea lortu du zortzi kilometroren faltan, baina tropelak ez dio urrutiegi joaten utzi.

Horrela, etapa esprintean erabaki da, eta zeregine horretan Cavendish nagusi izan da Arnaud Demare (Groupama-FDJ) frantziarraren eta Fernando Gaviria (UAE Emirates) kolonbiarraren aurretik.

Bere aldetik, Van der Poelek lider jarraitzen du, larunbateko erlojupekoa irabazi zuen Simon Yates britainiarrari (BikeExchange-Jayco) 11 segundoko aldea aterata. Hirugarren tokian Tom Dumoulin herbeheretarra (Jumbo-Visma) ageri da, 16 segundora.

Asteartean, laugarren etapa jokatuko da, dagoeneko Italiako lurretan. Mendiko lehena izango da, eta jardunaldi zaila izango dute txirrindulariek Sizilia uhartearen barruan, 3.500 metroko desnibela gainditu beharko dute Avola eta Etna sumendian dagoen Sapienza aterpearen artean (172 kilometro).

Etapako sailkapena:

1 - CAVENDISH Mark (Quick-Step Alpha Vinyl Team 4:56:39

2 - DÉMARE Arnaud (Groupama - FDJ) d.b.

3 - GAVIRIA Fernando (UAE Team Emirates) d.b.

4 - GIRMAY Biniam (Intermarché - Wanty - Gobert Matériaux) d.b.

5 - MARECZKO Jakub (Alpecin-Fenix) d.b..

6 - THEUNS Edward (Trek - Segafredo) d.b.

7 - CONSONNI Simone (Cofidis) d.b.

8 - EWAN Caleb (Lotto Soudal) d.b.

9 - DAINESE Alberto (Team DSM) d.b..

10 - BAUHAUS Phil (Bahrain - Victorious) d.b.


Sailkapen orokorra:

1 - VAN DER POEL Mathieu (Alpecin-Fenix) 9:43:50

2 - YATES Simon (Team BikeExchange - Jayco) +0:11

3 - DUMOULIN Tom (Jumbo-Visma) +0:16

4 - SOBRERO Matteo (Team BikeExchange - Jayco) +0:24

5 - KELDERMAN Wilco (BORA - hansgrohe) d.b.

6 - TULETT Ben (INEOS Grenadiers) d.b.

7 - FOSS Tobias (Jumbo-Visma) +0:28

8 - MOLLEMA Bauke (Trek - Segafredo) d.b.

9 - BILBAO Pello (Bahrain - Victorious) +0:29

10 - SCHMID Mauro (Quick-Step Alpha Vinyl Team) d.b.

21 - LANDA Mikel (Bahrain - Victorious) 0:44

121 - CASTROVIEJO Jonathan (INEOS Grenadiers) 3:54

145 - LAZKANO Oier (Movistar Team) 5:56