Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

20. etapa

Beste erakustaldi bat emanda irabazi du Pogacarrek mendiko azken jardunaldia, Erromako azken etaparen atarian

Agentziak | EITB Media

Esloveniarrak eraso bortitza jo du jardunaldiko azken igoeran, eta aurkari guztiak atzean utzi ditu, erraz. Azken urteetako alde handienarekin gailenduko da aurtengo ekitaldian.

7:31

Tadej Pogacar (UAE Team Emirates) txirrindulari esloveniarrak irabazi du Italiako Giroko 20. etapa. Guztira, 184 kilometro egin dituzte txirrindulariek Alpagon eta Bassano del Grappa artean.

Pogacar 4:58:23ko denbora behar izan du helmugaratzeko, euripean hasitako jardunaldian. Lehen kilometroetan, Davide Ballerinik (Astana Kazakhstan) eta Lorenzo Germanik (Groupama-FDJ) erasoa jo eta tarte txiki bat ireki dute. Bukatzeko 161 kilometroren faltan, beste zazpi txirrindulari atera dira tropel nagusitik, eta aurreko bien bila jo dute.

Eguneko puntu nagusia Grappa izan da, eta birritan igo behar izan dute 18 kilometroko igoera eta batez beste % 8,1eko aldapak (% 14koak tartean) dituen mendatea. Horren aurretik, eguna hasteko, Poggioko Muro di Ca igo behar izan dute, 1,1 kilometro eta batez beste % 11,7ko aldapak dituen mendatea. Euriak gauzak asko zaildu dizkio talde nagusiari; bitartean, Ballerinik eta Germanik ihesaldia sendotu dute.

Ondoren, beste txirrindulari batzuek ere bat egin dute aurrekoekin: Nicola Conci eta Jimmy Janssens (Alpecin-Deceuninck), Henok Mulubrhan (Astana), Rubén Fernández (Cofidis), Andrea Vendrame (Decathlon AG2R La Mondiale), Edward Theuns (Lidl-Trek), Pelayo Sánchez (Movistar), Andrea Pietrobon (Polti Kometa) eta Alessandro Tonelli (VF Group Bardiani-CSF Faizanè).

Movistar taldeko Pelayo Sanchez ere talde horretan sartu da. Horrela, 11 gizon zihoazen lasterketa buruan, helmugatik 141 kilometrora. Tropelari ateratako alderik handiena 4:35ekoa izan da. Grappako lehen igoera hasi dutenean, eguzkia atera da, eta eguraldia lagun izan dute hortik aurrera. Jimmy Janssensek aurrera egin du, eta Pelayok eta Mulubrhanek, lehenengo, eta Vendramek eta Tonellik, ondoren, eutsi egin diote.

Sanchezek Janssensekin egindako erasoak atzean utzi ditu Mulubrhan eta Vendrame, baina erasoa atzetik ere etorri da: Giulio Pellizzari (Bardiani CSF) italiarrak tropeletik alde egin du, eta helmugatik 78 kilometrora harrapatu ditu iheslariak.

Movistar taldekoak eraso askori eutsi die, baina helmugarako 46,5 kilometrora atzean geratu da Pellizzarirekin. Tropelean UAE Team Emirates taldeak dena kontrolpean izan du, Pogacar liderrak 2024ko Giroari beste kolpe bat noiz emango zain. Eta "Printze Txikiak" mehatxua gauzatu du etapa amaitzeko 36,8 kilometro falta zirenean.

Pogacarren erasoa

Esloveniarrak 1:04ra zuen lasterketaren burua, baina bere lidergoa ez da inoiz arriskuan egon, eta Geraint Thomasi (INEOS Grenadiers) sufritzea tokatu zaio berriro. Ia kilometro bat geroago, Grappa berriro igotzeko 5,3 kilometroren faltan, Pogacarrek erasoa jo du, eta berehala harrapatu du Pellizzari.

Hankak indartsu zituen Pogacarrek, eta Daniel Felipe Martinez (BORA-hansgrohe) sailkapen nagusiko bigarrena gehiago aldentzeko aprobetxatu du. Kolonbiarrak erritmoa handitu du azken kilometroetan, eta podiumeko bigarren postua ziurtatu du horrela.

Aurtengo Giroari Erromako azken etapa geratzen zaio bakarrik, 125 kilometrokoa etapa laua, Pogacarri omenaldia eta harrera egiteko balioko duena. Jaun eta jabe izan da aurten esloveniarra, inolako zalantzarik gabe.

Etapako sailkapena

1 - POGACAR Tadej (UAE) 4:58:23

2 - PARET-PEINTRE Valentin (Decathlon) + 2:07

3 - MARTÍNEZ Daniel Felipe (BORA) d. b.

4 - TIBERI Antonio (Bahrain) d. b.

5 - RUBIO Einer (Movistar) d. b.

6 - PELLIZZARI Giulio (VF Group) d. b.

7 - THOMAS Geraint (INEOS) d. b.

8 - O'CONNOR Ben (Decathlon) d. b.

9 - STORER Michael (Tudor) + 2:31

10 - MAJKA Rafal (UAE) + 3:08

Salkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 76:22:13

2 - MARTÍNEZ Daniel Felipe (BORA) + 9:56

3 - THOMAS Geraint (INEOS) + 10:24

4 - O'CONNOR Ben (Decathlon) + 12:07

5 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 12:49

6 - ARENSMAN Thymen (INEOS) + 14:31

7 - RUBIO Einer (Movistar) + 15:52

8 - HIRT Jan (Soudal) + 18:05

9 - BARDET Romain (dsm-firmenich) + 20:32

10 - STORER Michael (Tudor) + 21:11