Txirrindularitza
Munduko Txapelketa Ruandan
Paula Ostiz, munduko txapelduna junior mailan
Agentziak | EITB
Iruñeko txirrindularia nagusitasunez gailendu da Kigaliko helmugan, eta gaur urrezko domina lortuta, aste historikoa biribildu du, astearteko erlojupekoan zilarra bereganatu baitzuen.
-
Paula Ostiz, munduko txapelduna, ostadar maillota jantzi berritan. EFE
Paula Ostiz txirrindulari nafarrak urrezko domina eskuratu du larunbat honetan Kigalin (Ruanda) lehiatu den Munduko Txapelketako junior mailako proban. Aste historikoa izan da berarentzat, astearteko erlojupeko saioan zilarra lortu baitzuen. Dagoeneko hiru domina bereganatu ditu bere kirol ibilbidean.
Ostizek tropelaren aurretik egin ditu azken kilometroak, beste lau txirrindularirekin batera, eta esprintean bera izan da azkarrena Kigaliko helmugan. Nagusitasun handiz gailendu da. Chanta Pegolo izan da bigarrena, eta Anja Grossmann suitzarra, berriz, hirugarrena.
Iruñeko txirrindulariak 2 ordu, 9 minutu eta 19 segundo behar izan ditu 74 kilometroko ibilbidea egiteko, batez beste 34 km/h-ko abiaduran.
Paula Ostiz, helmugan garaipena ospatzen. EFE

