Txirrindularitza
ISRAEL-PREMIER TECH
Israel-Premier Techek izena aldatuko du 2026an, "egungo israeldar nortasunetik aldentzeko" helburuarekin
Txirrindulari talde profesionalak aldaketa estrategiko bat iragarri du, eta bere egiturari eta irudiari eragingo die, errepideetako tentsioak eta protestek markatutako urte baten ostean.
-
Israel-Premier Tech. Irudia: Europa Press
Israel-Premier Tech txirrindulari taldeak astelehen honetan baieztatu duenez, 2026. denboralditik aurrera izen eta nortasun bisual berri bat hartuko du, "egungo israeldar nortasunetik aldenduz". La Vueltaren azken edizioan egindako manifestazio propalestinoen ondoren iritsi da iragarpena, hainbat etaparen garapena aldatu baitzituzten.
"Gure txirrindulari, langile eta bazkide baliotsuekin konpromiso sendoa hartuta, taldearen izena eta marka aldatzeko erabakia hartu da, egungo Israelgo nortasunetik aldenduz. Kirolean, aurrerapenak sakrifizioak eskatzen ditu askotan, eta pauso hori ezinbestekoa da taldearen etorkizuna ziurtatzeko", azaldu du komunikatu ofizialak. Espainiako Vueltan, presio sozialaren ondorioz, taldeak herrialdearen izena kendu behar izan zuen maillotetatik.
Halaber, haren jatorriari errepasoa egiten diote, duela hamaika urte Cycling Academy izenpean sortu zela gogoratuz, "tradizionalki txirrindularitzatik at egon diren herrialdeetako talentu gazteak elikatzeko, tartean Israelgoa, txirrindulari izan nahi dutenei txirrindularitza profesionalerako bide argia eskainiz". 2021ean egungo izendapena hartu zuten, beti ere kirol izaera hutsa defendatuz: "Kirol proiektu bat da, eta beti izan da".
Identitate aldaketaz gain, taldeak iragarri du Sylvan Adams jabeak alde egingo duela eta egituran duen rola utziko duela, "Munduko Kongresu Juduko presidente gisa duen zereginean zentratzeko". Komunikatuak honela itxi du mezua: "Gure jarraitzaileei, eskerrik asko urteetan zehar, eta bereziki azken asteotan, emandako laguntza etengabeagatik. Bidaia hau elkarrekin jarraitzea espero dugu".

