Itxi

Txirrindularitza

Aitorpena

Armstrong: 'Larrutik ordaintzen ari naiz, baina merezi dut'

Erredakzioa

Oprah Winfreyi eskainitako elkarrizketaren bigarren partean, "ohorerik gabe, umiliatuta eta lotsatuta" sentitzen dela aitortu du AEBetako txirrindulari ohiak.

1:09
Lance Armstrong

Bere ibilbide profesionalean dopatu zela aitortu ostean, "larrutik" ari dela ordaintzen aitortu du Lance Armstrong txirrindulari ohiak. Halaber, aitorpen horrek "etorkizuneko diru-sarrerak" galtzea ekarri duela azpimarratu du.

Ostiral goizalde honetan Oprah Winfreyi eskainitako elkarrizketaren bigarren partea emititu dute. Oraingoan, familian eta alor ekonomikoan izan diren ondorioei buruz mintzatu da Armstrong.

Gauzak horrela, "ohorerik gabe, umiliatuta eta lotsatuta" sentitzen dela aitortu du AEBetako txirrindulari ohiak. "Livestrong Fundazioa uztea eskatu zidatenean izan zen unerik txarrena", adierazi du Armstrongek. Minbizia gaixotasuna gainditu ostean sortutako elkartea da Livestrong Fundazioa.

"Zigorra merezi dut, duda izpirik gabe. Larrutik ari naiz ordaintzen, baina merezi dut", aitortu du txirrindulari ohiak. Halaber, babesleekin zituen kontratuak bertan behera geratu ostean, "bi egunetan 75 milioi dolar" galdu dituela azaldu du.

Dopinean, 'maisu'

Lance Armstrongen atzetik dopinaren itzala egon da bere txirrindularitza ibilbide osoan, baina dena argitu egin da dagoeneko, kirolariak berak aitortu baitu, zehaztasun handiz, dopatu egin zela. Are gehiago, dopinean "maisu" zela nabarmendu du.

Armstrongek Oprah Winfrey kazetari ospetsuari egin dio aitorpena, bart OWN telebista-kate estatubatuarrean, ikus-entzule gehieneko orduan, eskainitako elkarrizketa batean.

Horretan, txirrindularitzaren munduan dopatzea "normala" dela eta dopinaren "kultura" oso bat dagoela azaldu du.

Urrunago joan da: dopatu gabe Frantziako Tourra zazpi aldiz irabaztea "ezinezkoa" iritzi dio. "Ez da posible", erantzun du, hain zuzen ere, kazetariak horren inguruan galdetu dionean.