Itxi

Txirrindularitza

Atzerapena

Eufemiano Fuentesek asteartean deklaratuko du

Erredakzioa

Epaileak saioa ateak itxita egitea erabaki du. Puerto Operazioaren auziko lehen saio osoa ahozko epaiketa hasi baino lehen argitu beharreko gaiak ebazteko erabili dute.

2:34
Argazkia: EFE

Eufemiano Fuentes medikuak bihar deklaratuko du Puerto Operazioaren auziko epaiketan. Gaur deklaratu behar zuen, baina aurreneko saio osoa ahozko epaiketa hasi baino lehen argitu beharreko gaiak ebazteko erabili dute.

Patricia Santamaria epaileak saioa ateak itxita egitea erabaki du. Ahozko epaiketa hasi baino lehen konpondu beharreko gai guztiak azaldu dituzte defentsak eta akusazioak, besteak beste, froga berrien onarpena edo zerrendan zeuden beste froga batzuk bertan behera uztea.

Epaiketak bihar 10:00etan jarraituko du Eufemiano Fuentesen deklarazioarekin. Ondoren Jose Iganacio Labarta (Comunidad Valenciana), Manuel Saiz (Liberty) eta Vicente Belda (Kelme) zuzendari ohiek, eta Yolanda Fuentes Comunidad Valenciana taldeko mediku buruzagi ohiak deklaratu beharko dute.

Puerto Operazioaren epaiketa gaur hasi da Madrilen. Eufemiano eta Yolanda Fuentes, Manolo Saiz, Vicente Belda, Jose Ignacio Labarta eta Alfredo Cordova auzipetuek epailearen aurrean deklaratuko dute. Guardia Zibilak dopin sarea desegin zuen 2006an. Prozesua martxoaren amaierara arte luzatuko da.

Eufemiano Fuentes medikua epaitegira heltzen lehena izan da. Epaitegiko atean pilatu diren kazetarien ikusmina piztu du Fuentesek.

Halaber, Vicente Belda eta Jose Ignacio Labarta epaitegian sartzen ikusi dituzte. Ondoren Ana Muñoz Espainiako Dopinaren aurkako Agentziako zuzendaria heldu da.

Datorren ostiralean lekukoen agerraldiak hasiko dira, besteak beste, miaketak egin zituzten guardia zibilak izango dira epaitegian. Miaketetan odol eta plasmarekin betetako 200 poltsa baino gehiago aurkitu zituzten.

Hamabost bat txirrindularik testigantza emango dute, besteak beste, Alberto Contador Ivan Basso, Michele Scarponi, Joseba Beloki, Unai Osa, Isidro Nozal, Angel Vicioso eta Jorg Jaskche.