Txirrindularitza
3 urte gehiago maila gorenean
Movistar taldeak 2016. urtera arte jarraituko du
Erredakzioa
Telefonicak datozen hiru urteetan txirrindularitza taldea babesten jarraituko duela jakinarazi du. Taldeak 82 garaipen lortu ditu denboraldi honetan.
-
Movistarrek 2016. urtera arte jarraituko du maila gorenean. Argazkia: EFE
Krisiak gogor astindu du txirrindularitza eta denboraldi honetara arte maila gorenean ibili diren talde asko desagertu egingo dira datorren denboraldian. Euskaltel dugu horren adibide argia. Movistarrek, bestalde, 2016. urtera arte jarraituko du tropelean.
Movistar UCI World Tourreko talde onena izan da, eta Beñat Intxaustik Pekineko Tourrean lortutako garaipenarekin eman dio amaiera aurtengo denboraldiari. Movistarrek 82 garaipen lortu ditu aurten.
Telefonicak jakinarazi duenez, hiru urte gehiago jarraituko du txirrindularitzako taldea babesten. "Movistarren bitartez txirrindularitzako taldea babesten jarraitzearekin mundu digitala garatzeko aukera ikusten dugu, gure txirrindularitzako taldeak oihartzun handia baitu sare sozialetan", esan du Jose Maria Sanz Magallon Telefonicako babes arloko zuzendariak.