Itxi

Txirrindularitza

Ibilbidea

Dauphinek ibilbide menditsua izango du, Tourraren atarian

Erredakzioa

Lasterketa ekainaren 8an, igandean, hasiko da erlojuaren kontrako saio batekin. 10 kilometro izango dira, maldatsuak, Lyoneko kaleetan.

  • Chris Froome gailendu zen 2013ko Dauphinen. Efe.

    Chris Froome gailendu zen 2013ko Dauphinen. Efe.

Mendia izango da protagonista 2014ko Dauphinen. Lasterketa Frantziako Tourra hasteko hilabetera lehiatuko da, eta hiru faborito nagusi izango ditu: Chris Froome, iazko irabazlea, Alberto Contador eta Vincenzo Nibali.

Lehia ekainaren 8an hasiko da, erlojuaren kontrako 10 kilometroko saioarekin. Lyoneko kaleetatik aterako da lasterketako lehen liderra. Aspaldiko partez, Dauphinek ez du erlojupeko luzerik izango.

Hurrengo egunean, tropelak ekialdera egingo du eta helmuga Beal izeneko mendatean izango dute, Dauphineko historian lehen aldiz. Beal kategoriaz kanpo dago eta 13,6 kilometroko igoera du, % 6,6ko batez besteko aldaparekin.

Mendatea 2010eko Porvenir Tourrean igo zuten. Urte hartan Nairo Quintanak lortu zuen garaipen orokorra.

Hurrengo bi jardunaldietan, faborito nagusiek arnasa hartu ahal izango dute, ibilbidea esprinterrentzako aproposa baita.

Bosgarren etapa mendi ertainekoa da, Sisteron eta La Mure artean, eta sei mendate ditu ibilbidean; azkena, la Rampe de Laffrey, 6,2 kilometrokoa, % 6,3ko batez besteko aldaparekin; helmugatik 30 kilometrora.

Grenobleren eta Poisyren artean trantsizioa egin eta asteburuan Alpeetara iritsiko dira Dauphineko txirrindulariak. Normalean, Alpeetako aldapetan erabakitzen da zein izango da azken irabazlea.

Ekainaren 14an, larunbatean, tropela Suitzan sartuko da. Etapako azken 40 kilometroak biziak izango dira, Forclaz (12,6 kilometro, % 8,2ra) eta Finhaut-Emosson (40,2 kilometro % 8ra) igota.

Teorian, Dauphinek ez du irabazle argia izango azken jardunaldira iritsi arte, egun horretan lehen mailako hiru mendate igo behar baitituzte txirrindulariek, 130 kilometrotan. Etapa Courchevelerako igoerarekin amaituko da (5,9 kilometro, % 6,2an).