Itxi

Txirrindularitza

Epaia

10 urteko zigorra Johan Bruyneeli, US Postal taldeko dopinagatik

Erredakzioa

Lance Armstrongek Frantziako zazpi Tour irabazi zituen talde estatubatuarrarekin, baina guztiak kendu zizkioten, legez kanpoko substantziak erabilita irabazi zituela frogatu ondoren.

  • Johan Bruyneel (ezk) eta Lance Armstrong. Efe.

    Johan Bruyneel (ezk) eta Lance Armstrong. Efe.

Ameriketako Arbitraje Elkarteak 10 urteko zigorra jarri dio Johan Bruyneel zenbait txirrindularitza talderen zuzentzaile izandakoari, US Postal taldean Lance Armstrongen garaian dopina egiteko azpijokoan aritzea egotzita. Bruyneelekin batera Pedro Celaya eta medikuari eta Jose Marti prestatzaileari zortzi urteko zigorra jarri die.

Hiru epailek osatutako tribunalaren arabera, "dopinaren kontrako araudia sarri urratu zuten hirurek urte askotan, eta horrek eragina izan zuen txirrindulari askorengan".

"Frogek argi utzi dute Bruyneek jauna US Postal eta Discovery Channel taldeetan dopina egiteko azpijokoaren burua zela. Azpijoko horrek urte asko iraun zituen eta txirrindulari askorengan eragina izan zuen. Era berean, Celaya doktorea eta Marti jauna azpijoko horren parte izan ziren, edo, gutxienez, lagundu egin zuten".

Aurretik, auzitegiek Michele Ferrari doktorea eta Luis Garcia del Moral mediku espainiarra ere zigortu zituzten. Biek biziarteko zigorra jaso zuten US Postalen dopina bultzatzeagatik, Lance Armstrongek zazpi Tour irabazi zituen garaian. Txirrindulari estatubatuarrari Tour guztiak ekndu zizkioten gero, dopina egin zuela frogatu ondoren.

"Etekin handia"

Tribunalak dioenez, Bruynelek dopina egiteko gaiekin trafikatu zuen, eta "debekatutako produktuak zein metodoak erabiltzearen arduraduna" izan zen, "taldearentzako eta txirrindularientzako abantaila lortzeko helburuarekin". Dopinaren ondorioz, hainbat garaipen lortu zituzten, eta zuzendari belgikarrak "etekin nabarmena" atera zion egoerari.