Txirrindularitza
Auzi irekia
Pantaniren heriotzaren inguruko misterio asko, argitu gabe
Erredakzioa
Berriz ireki dute Pantaniren heriotzaren ikerketa, misterioak inguratuta. Familiaren arabera, erailketa bat izan zen.
-
Marco Pantani / EFE.
Sententziaren arabera, Marco Pantanik buruaz beste egin zuen, 2004ko otsailaren 14an, kokaina kopuru handian hartuta. Ikerketa 55 egunera itxi zuten, eta lau pertsona zigortu zituzten, droga emateagatik.
Hala ere, txirrindulariaren sendiak beti esan du bestelakoa izan zela errealitatea. Hamar urte geroago, berriz auzia irekitzeko behar adina froga biltzea lortu du Tonina amak. Familiaren ustetan, "hilketa" izan zen, "gorpuaren eta lekuaren aldaketarekin".
Konpondu gabeko misterio asko dago oraindik Pantaniren heriotzaren inguruan. Ikerketa ofizialaren arabera, Pantanik kokaina dosi hilgarria hartu zuen, gorputzeko zauri txikiak eta odola heriotzaren osteko erorikoaren ondorio izan ziren, eta logelaren desordena, drogek kausatutako delirioaren errua.
Zalantza gehiago argitaratu ditu prentsak. Aurreko egunean Pantani "burutik txarto" zegoela deklaratu zuten hiru pertsonak, baina inoiz ez da haiei buruz ezer gehiago jakin. Gelara afaria eraman zionak, aldiz, egoera normalean ikusi zuela deklaratu zuen.
Corriere della Sera kazetak salatu duenaren arabera, norbaitek poliziaren bideoaren 125 minutu ezabatu zituen, eta inork ez zituen logelako hatz-aztarnak ikertu.
Pantaniren gorputzeko hamaisei zauriak gaindosiak eragin zituen, baina sendiarentzat, kanpotik etorritako erasoak izan ziren. Ikerketa berriak argitu beharreko zalantza ilunak dira.