Itxi

Txirrindularitza

Talde berria

Odriozola: 'Urrats garrantzitsua da euskal txirrindularitzarentzat'

L.E. | eitb.eus

ETBk jakin duenez, besteak beste, Egoitz García, Garikoitz Bravo, Aritz Bagues, Jon Ander Insausti eta Unai Inziarte egongo dira talde berrian, eta 330.000 euroko aurrekontua izango du.

  • Jon Odriozola, Euskaltel Euskadin zegoen garaian. EiTB.

    Jon Odriozola, Euskaltel Euskadin zegoen garaian. EiTB.

Jon Odriozola euskal txirrindularitza-talde kontinental berriaren arduradunak esan du taldearen jaiotza "urrats garrantzitsua eta beharrezkoa" dela euskal txirrindularitzarentzat.

Xehetasun gutxi iragarri dituzte, datorren ostegunean egingo duten aurkezpen ofizialaren zain baitaude, baina ETBk jakin duenez, taldea osatuko duten 10-12 txirrindularien artean Egoitz Garcia, Garikoitz Bravo, Aritz Bagues, Jon Ander Insausti eta Unai Inziarte egongo dira. Horiez gain, beste 6-8 txirrindulari fitxatuko dituzte. 330.000 euroko aurrekontua izango du.

"Txirrindularitza afizionatuaren eta profesionalaren arteko lotura berreskuratu nahi dugu. Gazteengan ilusioa eta itxaropena piztu nahi ditugu, orain erreferente bat edukiko dutelako. Etxeko taldea da, etxekoentzat", azaldu du oñatiarrak.

Odriozolak eskertu egin du Murias enpresa gipuzkoarrak proiektuaren alde egindako apustua: "Egindako lana aintzat hartu dute, eta horrelako talde baten beharra dagoela ikusi dute".

Arratiako Ziklista Elkartearen ekarpena ere azpimarratu du, bizkaitarrena izango baita taldearen kirol egitura.

Guztien babesa

Azkenik, Odriozolak "erakundeen, enpresen eta zaleen babesa" eskatu du. "Guztiok proiektuaren alde egitea behar dugu. Euskal txirrindularitzan inbidia asko dago. Askok proiektu honek aurrera egitea nahi dute, baina gutxi batzuek oztopoak jartzen dituzte. Guztiok babesa eman behar diogu; bestela, ezinezkoa da denboran irautea".