Itxi

Txirrindularitza

Zigorra

UCIk lizentzia kenduko dio Astanari, dopin kasuen ondorioz

Erredakzioa

La Gazzeta dello Sportek aurreratu duenez, Astana World Tourreko 18 taldeetatik kanpo geratuko litzateke, eta gonbidapena beharko luke lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzeko.

  • Vincenzo Nibali, 2014ko Frantziako Tourrean. Efe.

    Vincenzo Nibali, 2014ko Frantziako Tourrean. Efe.

UCIko lizentzien batzordeak Astanari World Tourreko lasterketetan lehiatzeko lizentziarik ez ematea erabaki du, La Gazzetta dello Sport kirol egunkari italiarrak aurreratutakoaren arabera. Lizentzien batzordean  abokatuak eta legelariak daude, eta euren lana txirrindularitzan aritzen diren taldeen egokitasuna aztertzea da.

Erabakia azken hilabeteetan izandako bi dopin kasuen ondorioz iritsi da: Valentin anaiek eta Maxim Iglinskik positiboa eman dute EPOgatik.

Ondorioz, Astana World Tourreko 18 taldeetatik kanpo geratuko da. Talde horiek egutegiko lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzeko eskubidea eta obligazioa dute.

Astanaren inguruko erabakiaren berri datorren astean emango dute ofizialki.

Kirol Arbitrajeko Auzitegira joko dute

Erabakiak ez du Astana ezustean hartuko, izan ere, Vinoukourov zuzendariak aurretik iragarri zuen Kirol Arbitrajeko Auzitegira (TAS) jotzeko asmoa dutela, World Tourrean aritzeko lizentzia ukatuz gero.

La Gazzettak dioenez, Kirol Auzitegiak Astanaren aurkako erabakia hartuko balu, egoera berezia sortuko litzateke: txirrindulari guztien kontratuak baliorik gabe geratuko lirateke eta guztiek talde bila hasteko eskubidea izango lukete. Hala ere, Nibaliren asmoa Astanan geratzea omen da, 2016 arte kontratua duelako, italiarrak berak aurreko asteetan adierazitakoaren arabera.

Gonbidapenen aukera, zabalik

Lizentziarik izan ez arren, Astanak lasterketa handietako antolatzaileen gonbidapena jasotzeko aukera du. Taldeak ez luke arazorik izango gonbidapen horiek lortzeko, Nibali Frantziako Tourreko eta Italiako Giroko irabazlea Astanako txirrindularia dela kontuan izanda.

kontuan izanda.