Itxi

Txirrindularitza

Ziklokrosa

Aitor Hernandezek erabakita utzi du Kopa Igorren

Mikel Dominguez | eitb.eus

Ermuako txirrindulariak txapelketako lasterketa guztiak irabazi ditu. Ia minutuko aldea ireki du Ruiz de Larrinagarekin, bigarrena Igorren.

0:29

Aitor Hernandezek irabazi du Igorreko ziklokros lasterketa, eta erabakita utzi du jarraian lortutako hirugarren Espainiako Kopa. Euskal egutegiko ziklokros probarik garrantzitsuena, Munduko Kopatik kanpo geratu zenetik txikiagoa eta maila baxuagoko parte-hartzearekin, bizkaitarra txapeldun izendatzeko zirkuiturik aproposena suertatu da.

Ermuarrak 58:40ko denbora egin du. Javier Ruiz de Larrinaga bigarrena izan da, ia minutu batera, eta Kevin Suarez, hirugarrena.

Hernandezek, Espainiako Kopako aurreko lasterketetan ere irabazle, txapelketa erabakita uzteko aukera zuen Igorren, oraindik bi proba falta direnean. Igorreko Ziklokrosak denboraldi honetako gidoia jarraitu du, bizkaitarraren nagusitasunarekin irteeratik.

Javier Ruiz de Larrinaga, aldiz, gertu izan du ermuakoak. Arabarrak, zirkuituko gogortasunari probetxua hartuta, liderrari gailendu zaio momentu batean, baina atzean geratu da geroago, zintarekin trabatuta. Hurbil jarraitu du Larrinagak, baina azkenean, bizkaitarrak atzean utzi du arabarra, errepidean.

Aitor Hernandezek hasieratik erakutsi du Kopa erabakita uzteko grina, eta ez du espekulaziorako tarterik utzi. Irteeratik gogor aritu da. Ermuakoak minutu bat baino gehiagoko aldea ireki du azken itzulian, eta hirugarrenez jarraian irabazi du Kopa.