Txirrindularitza
09:30ean hasiko da
Euskadiko Ziklokros Txapelketa, igandean, Arabako Izarra herrian
ERREDAKZIOA
Elite proba maila handiko lehia izango da. Besteak beste, Aitor Hernandez aurtengo denboraldiko portagonistak eta Javier Ruiz de Larrinaga Espainiako txapeldunak elkar neurtuko dute.
-
Igorreko ziklokrossaren artxiboko irudia. Argazkia: EITB
Arabako Izarra herriak Euskadiko Ziklokros Txapelketaren sei kategoriak hartuko ditu igande honetan. Bertan, 200 bat txirrindularik hartuko dute parte.
Probako antolatzailea den Zuyano Txirrindulari Taldeak 2.550 metroko barrutia antolatu du. Bertan, eremu berdeak eta Izarrako erdiguneko asfaltozkoak tartekatuko dira. Probaren arduraduna den Oscar Iturratek aurreratu duenez, honen guztiaren emaitza: proba zorrotza, estua eta gogorra.
Elite proba maila handiko lehia izango da. Norgehiagoka estua espero da Aitor Hernandez aurtengo denboraldiko protagonistaren eta Javier Ruiz de Larrinaga Espainiako txapeldunaren artean.
Zirkuitua oso lokaztuta ez egotea espero dute, eta baliteke egitarauko lehen probetan izotza egotea.
Lehiaketak goizeko 09:30ean izango du hasiera, eta horren arduradunak kadeteak izango dira. Ondoren eliteko emakumezkoak lehiatuko dira, gero gazteak, ondoren masterrekoak, gero 23 urtez azpikoak eta azkenik, probarik desiratuena, gizonezko elite proba, eguerdiko 13:30ean hasita.