Txirrindularitza
Flandriako Itzulia
FLANDRIAKO ITZULIA | Kristoff gailendu da 19 hormen lasterketan
Agentziak | Erredakzioa
Norvegiarraren atzetik Niki Terpstra sartu da. Van Avermaet hirugarren izan da, eta Sagan, laugarren.
-
Alexander Kristoff. Argazkia: Efe.
Alexander Kristoffek (Katusha) irabazi du Flandriako Itzulia, Niki Tepstra iheskideari esprintean gailenduta. Bi txirrindulariek bakarrean egin dituzte ibilbideko azken 15 kilometroak. Kristoff Flandriako Itzulia irabazten duen lehen norvegiarra da.
Irabazleak 6 ordu 26 minutu eta 38 segundo behar izan ditu Brujas eta Oudernade arteko 264 kilometroak egiteko.
Kristoff eta Terpstra Kwaremont horma igo ostean geratu dira lasterketaburuan, 30 segundoko aldearekin (helmugarako 14 kilometrora).
Greg Van Avermaet belgikarra (BMC) eta Peter Sagan eslovakiarra iheslarien atzetik atera dira, baina ez dute haiek harrapatzeko denborarik izan. Garailea esprintean erabaki da, eta hor norvegiarra aise gailendu da.
Fabian Cancellara aurreko bi edizioetako garailea, Tom Boonen 2012ko irabazlea eta Alejandro Valverde ez dira lasterketan izan, eta horrek inoiz baino irekiago utzi du lasterketa.