Txirrindularitza
Esprintean
Nacer Bouhanni (Cofidis) gailendu da Getxoko Zirkuituan
Agentziak | Erredakzioa
Ibai Salas (Burgos-BH), Egoitz García (Murias) eta Amets Txurruka (Caja Rural) zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren izan dira, hurrenez hurren.
Nacer Bouhanni Cofidis taldeko frantziarrak irabazi du Getxoko 70. Zirkuitua-Ricardo Otxoa 15. Memoriala. 170 kilometro egin dituzte, eta helmuga Arkotxako horma gogorrean izan da (tarte batzuetan, aldapa % 14koa da).
Bukaera aldapan gora izan arren, irabazlea Bouhanni esprinterra izan da, beste zenbait esprinterri gailenduta: Juanjo Lobato (Movistar) eta Carlos Barbero (Caja Rural-Seguros RGA), bigarren eta hirugarren izan dira, eta José Joaquín Rojas (Movistar), laugarren sartu da, hiru segundora.
Lasterketako antolatzaileek helmuga aldatu zuten 2011. urtean, eta Txomintxu-Arkotxan jarri zuten, azken kilometroei ikusgarritasun gehiago emateko. Ondorioz, probak hasieran zuen itxura berreskuratu du, esprinterrentzat egokia baitzen helmuga Arriluzeko kaian jarrita.