Itxi

Txirrindularitza

Abuztuaren 7tik 11ra

Burgosko Itzulian mendia izango da protagonista berriz ere

agentziak | erredakzioa

Euskadi Murias taldea, Caja Rural eta Euskadi Fundazioa bertan izango dira.

  • Mikel Landa 2017ko Burgosko Itzulian.

    Mikel Landa 2017ko Burgosko Itzulian.

Burgosko Itzuliko XL. edizioa astearte honetan hasiko da hiriburuko katedralaren oinetan, eta abuztuaren 11ra arte jokatuko da, bost etapa lehiatu ondoren. Tartean izango dira Picon Blanco mendatean eta Neilako aintziretan bukatzen diren bi amaiera gogorrak.

Guztira 15 taldek hartuko dute parte lasterketan, World Tourreko lau tartean: Sky, Astana, Movistar eta Dimension Data. Euskadi Murias taldea, Caja Rural eta Euskadi Fundazioa horiekin batera arituko dira.

Burgosen hasi eta amaituko den 157 kilometroko etapa batekin abiatuko dute lasterketa. Etapa bukaeran, bi aldiz igo beharko dute hirugarren mailako mendate bat, igotzaileei mesede egingo diena.

Bigarren etapak Donejakue Bidean kokatuta dauden Belorado eta Castrojeriz herriak batuko ditu (163 km). Hirugarrena Sedanotik atera, eta Las Loras geoparkean dagoen Picon Blanco maila bereziko mendatean amaituko da (149 km). Laugarren etapa San Pedro de Cardeña monasterioan hasi, eta Clunia erromatar herrian amaituko da (165 km).

Itzuliko azken etapa larunbatean jokatuko da. Aurtengo ekitaldiko etapa motzena izango dena (141 km) Neilako aintziretan amaituko da, eta bertan erabakiko da aurtengo itzuliko garailea nor izango den.