Itxi

Txirrindularitza

Alemanian

Jan Ullrich ospitale psikiatriko batean sartu dute, enegarren iskanbila eragin ostean

Agentziak | Erredakzioa

Egun gutxi batzuetan, alemaniarra bi aldiz atxilotu dute; lehenengoa auzoko bati egindako mehatxuengatik; eta bigarrena, prostituta bati eraso egiteagatik. Bi kasuetan drogen eraginpean zegoen.

  • Jan Ullrich, epaitegi batzuetatik ateratzen, 2017. urtean. Argazkia: Efe.

    Jan Ullrich, epaitegi batzuetatik ateratzen, 2017. urtean. Argazkia: Efe.

Jan Ullrich alemaniarra ospitale psikiatriko batean sartu dute ostiral gauean, Bild egunkari alemaniarrak aditzera emandakoaren arabera. Ullrichek aske eman ditu ordu batzuk ostiralean prostituta bati luxuzko hotel batean ustez eraso egiteagatik atxilotuta egon ondoren.

Egunkari alemaniarrak dioenez, fiskalak Ullrich espetxeratzeko arrazoirik ez zegoela erabaki zuen, eta, ondorioz, txirrindulari ohia aske uztea agindu zuen homizidio saiakeraren eta lesioa fisikoen inguruko karguak ikertzen zituzten bitartean.

Hala ere, Ullrichen egoera ikusita, psikiatriko batean sartzea erabaki zuten.

Jan Ullrich ostiral goizeko seietan atxilotu zuten Villa Kennedy hotelean, ustezko biktimak hoteleko arduradunei erasoaren berri eman ostean. Hoteleko arduradunek Poliziari deitzea erabaki zuten.

44 urteko kirolari ohia alkoholaren eta drogen eraginpean zegoen. Momentu horretan, Ullrich ez zegoen Poliziaren galderei erantzuteko moduan, eta handik ordu batzuetara, drogen eragina gaindituta, ez deklaratzeko eskubidea erabiltzea erabaki zuen.

Mallorcan ere  atxilotu zuten

Iragan asteko ostiralean ere Ullrich atxilotu egin zuten, Palma de Mallorcan, Till Schweiger herrikide, aktore eta zine zuzendariaren etxean baimenik gabe sartzeagatik eta Schweiger eta bere gonbidatuei mehatxu egiteagatik.

Alemaniako hedabideen arabera, prostitutaren auzia olinpiar txapeldun ohiaren hondoratze prozesuaren kapitulurik larriena da. Ullrichek Frantziako Tourra irabazi zuen 1997. urtean, eta ondoren Lance Armstrong estatubatuarraren itzalean egon zen.

Dopina

Ullrichen ibilbidea ‘Puerto Operazioa’ izeneko dopin iskanbilak okertu zuen. Horren ondorioz, Ullrich bera eta T-Mobile bere taldea 2006ko Tourretik kanporatu zituzten.

Alemaniarra 2012an erretiratu zen eta orduz geroztik iskanbilak bata bestearen atzetik izan ditu. 2014. urtean, adibidez, Suitzan atxilotu zuten bi autoren kontra egiteagatik, abiadura handian eta alkoholaren eraginpean.