Itxi

Txirrindularitza

IRAGARPENA

Euskadi-Muriasek Kontinental Profesional mailan jarraituko du 2019an

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arduradunek aurreratu dutenez, taldea maila horretan sendotu nahi dute, epe ertain eta luzera begira 'Tourrean lehiatzera heltzeko'.

  • Jon Odriozola, Euskadi-Murias taldeko kirol zuzendaria. Argazkia: EFE

    Jon Odriozola, Euskadi-Murias taldeko kirol zuzendaria. Argazkia: EFE

Euskadi-Murias taldeak datorren denboraldian Kontinental Profesional mailan lehiatzen jarraituko duela jakinarazi dute astelehen honetan bertako arduradunek. 2018an, igo ziren aipatu mailara, eta bertan oinarri sendoak ezarri nahi dituzte epe ertain eta luzera begira "Tourrean lehiatzera heltzeko".

Espainiako Itzuliko bigarren atseden egunean eman du albistearen berri Muriasek, eta joan zen ostiralean Camperona gainean amaitu zen etapa Oscar Rodriguez txirrindulari nafarraren eskutik irabazi ostean.

"Datorren urtean Kontinental Profesional mailan egongo gara. Dagoeneko eman dugu izena UCIn (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) eta hazten jarraitu nahi dugu, aurreratu du Javier Lasagabaster Euskadi-Murias taldeko zuzendaritzako kideak.

Taldea "harrobitik" egituratzea dutela helburu azaldu du lasagabasterrek, eta, zentzu horretan, Euskadiko txirrindulari talde guztiek Muriasekin "hitzarmena izatea" espero dute. Aldi berean,arduratuta azaldu da "babesle bakarraren esku egoteagatik".

Bestalde, azaldu duenez, "Euskadi 2020 proiektuaren barruan egotea" eskatu dio Euskadi-Muriasek Eusko Jaurlaritzari. Euskadiren irudia nazioartean sendotzea da ekimen horren asmoa.

Asteazkenean Espainiako Itzuliak Bizkaitik zehar (Getxo eta Oiz mendiaren artean) jokatuko duen etapari begira, Lasagabasterrek euskal zaleei eskatu die taldea bultza dezatela, eta "berdez jantzita egin badezakete, hobeto", gaineratu du.

Bere aldetik, Francis Lafargue Euskadi-Murias taldeko nazioarteko harremanen arduraduna pozik agertu da taldeak dagoeneko baduelako "oihartzuna Frantzian", hiru urtez bertan lehiatzen egon ostean".

Erantsi duenaren arabera, bere xedea taldearekin "Frantziako Tourrera itzultzea da. Ez da amets bat, helburu bat baizik".

Gogoratu beharra dago Lafargue txirrindularitzara oso lotuta egondakoa dela, batez ere Banesto taldearekin, Miguel Indurainek Tourrak irabazi zituen garaian.