Itxi

Espainiako Vuelta 2023

13. etapa

Oscar Rodriguez nafarrak lehen garaipena eman dio Euskadi-Murias taldeari Vueltan

erredakzioa

Burlatakoa eguneko ihesaldian egon da beste 31 iheskiderekin batera, eta azkenerako indartsuena izan da La Camperonako gainean.

1:59

Euskadi-Murias taldeko Oscar Rodriguez nafarrak irabazi du ostiral honetan korritu den Espainiako Itzuliko 13. etapa. Burlatako txirrindulariak ezustekoa eman du La Camperona gaineko aldapa gogorretan; izan ere, Rafal Majka (Bora) edota Sergio Henao (Sky) bezalako igotzaile iaioak azpiratu ditu. Sailkapen nagusian, Jesus Herradak (Cofidis) lider jarraitzen du, nahiz eta denbora galdu duen.

Candas eta La Camperona artean jokatu den 174,8 kilometroko etapa euskal txirrindulariak bere ibilbide profesionalean lortu duen lehen garaipena da. Horrez gain, Euskadi-Murias taldeak Vueltan lortzen duen estreinako etapa ere bada, lasterketa horretan debuta egin duen urtean, gainera.

Beste 31 txirrindularirekin batera eguneko ihesaldian sartuta egon den Rodiguezek atzetik aurrerako lana egin du tarte batzuetan % 20ko aldapak zituen azken mendatean, eta, hala, harrapatu egin ditu aurretik zihoazen Majka eta Dylan Teuns (BMC).

Faboritoen tropelean, Nairo Quintanak (Movistar) 5 segundo kendu dizkio Simon Yates britainiarrari (Mitchelton-Scott), eta 15 segundo bere taldekidea den Alejandro Valverderi (Movistar) zein gainerako faboritoei. Dena den, ez da aparteko erasorik egon, erritmo aldaketak baino ez, eta hautagaiek ez dute aukera aprobetxatu tarte handiagoak zabaltzeko.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Jesus Herradak liderraren elastiko gorriari eutsi dio, denbora galdu duen arren. Orain, 1:42ko aldea dauka sailkapen nagusian bigarren dagoen Yatesekiko. Quintana kolonbiarra dago hirugarren postuan, 1:50eko atzerapenarekin. Ion Izagirrek denbora galdu du gaurkoan, eta bi postu galdu ditu sailkapen nagusian: zazpigarren tokian dago 2:35era.

Larunbat honetan, Vueltako 14. etapa jokatuko dute txirrindulariek, Cistierna eta Les Praeres de Nava artean (171 km).