Txirrindularitza
Prentsa-agerraldi gogorra
Alberto Contador: 'Sekula ez naiz dopatu, garbitasun-eredu bat naiz'
Erredakzioa
Contadorrek "oso egun tristea" dela onartu du eta "lotsagarritzat" jo du bere auziaren garapena, "filtrazioak eta gaizkiesanak" noiznahi entzun izan direlako.
Alberto Contador (Saxo Bank-Sungard) txirrindulari espainiarrak "garbitasun-eredu" bat dela azpimarratu du eta errugabea dela esan du berriz ere. Urtebeteko zigor-proposamena egin diote ustez klenbuterola hartzeagatik iragan Frantziako Tourrean, baina madrildarrak esan du "dopinaren aurkako sisteman" sinisten ez duela.
"Egun tristea da, benetan tristea, ilusioa kendu didate eta atsekabetuta naiz. Lotsagarria da, berriz ere prentsak nik baino lehen jakin du zigor-proposamena. Egoera honek txirrindularitza zein pobrea den erakutsi dit. Kirol hau ventean maite dut, bizitza eman diot eta asko sufritu dut heldu naizen lekura heltzeko", esan du Contadorrek hedabideen aurrean.
Pintokoak "arau zaharkitu" batekin "egindako dena zulotik behera" bota nahi diotela deitoratu du. "500 kontrol pasatu ditut, asko dira, eta gehienak ezustean. Dopinaren aurkako sisteman sinisten nuen, orain ez", aitortu du.
"Badakit erantzukizun handia dudala eta horregatik sekula ez naiz dopatu, argi eta garbi esan dezaket: Garbitasun-eredu bat naiz. Gaizki-esaka ari direla ikusteak amorratzen nau eta nire erru bakarra ikertu gabeko haragia jatea izan da", azpimarratu du madrildarrak.
"Datozen hamar egunetan justizia egiteko arituko naiz lanean buru-belarri. Horrela gertatzen ez bada, nire errugabetasunaren berri emateko behar den lekura joateko prest naiz", esan du bere taldearen babesa jaso duen Contadorrek.