Txirrindularitza
Paris-Niza (2. etapa)
Groenewegenek bigarren garaipena jarraian lortu eta lidertza sendotu du
Erredakzioa
Dylan Groenewegenek (Jumbo Visma) irabazi du bigarren etapa, ihes eginda heldu den 8 txirrindulariko multzoko onena izanda. Holandarrak lortu zuen garaipena lehen etapan ere.
Dylan Groenewegenek (Jumbo Visma) irabazi du Paris-Niza lasterketako bigarren etapa, Les Breviaires eta Bellegarde artean egin dena, eta 163,5 kilometroko ibilbidea izan duena. Bigarren garaipena jarraian lortu du holandarrak, lehen etapa ere irabazi baitzuen, eta lidertza sendotu du.
Groenewegen azken bost kilometroetan sortu den mozketan sartu da, eta helmugara iritsi den zortzi txirrindulariko multzoko onena izan da. Garcia Cortina (Bahrain) izan da bigarren, eta Philippe Gilbert (Deceuninck), hirugarren. Dylan Groenewegen da sailkapen nagusiko liderra, 12 segundo ateratzen dizkio Michael Kiatkowskiri (Sky), eta 13 segundo Luis Leon Sanchezi (Astana). Egan Bernal (Sky) bosgarren da, 19 segundora.
Etapa oso eroa izan da. Mugimenduak izan dira hasieratik amaieraraino, eta haize-babesa bilatzen ibili dira taldeak. Haizeak mozketak eragin ditu tropelean, baita erorikoak ere. Edet (Cofidis), De Marchi (CCC) eta Gaudin (Direct Energie) txirrindulariak sartu dira lehen ihesaldian, baina tropelak ez dizkie aukera asko eman.
Groupama, Bora eta Trek taldeek beste mozketa bat eragin dute tropelean, 58. kilometroan. Hortxe erori da Gorka Izagirre (Astana) eta lasterketa utzi behar izan du, Barguilek bezala.
Beste eroriko bat izan da helmugatik 40 kilometrora. Rigoberto Uran erori egin da, eta Kwiatkowskik arazo mekanikoak izan ditu. Tropel nagusia 23 txirrindularira murriztuta geratu da. Azken kilometroetan zortzi txirrindulari geratu dira lasterketaren buruan. Tropela hurbil zela, Garcia Cortinak jo du erasoa, baina Groenewegenek eskuratu du garaipena. Irabazlearekiko bost segundora iritsi dira Nairo Quintana eta Marc Soler.