Itxi

Txirrindularitza

Tirreno-Adriatico (1. etapa)

Mitchelton-Scottek irabazi du taldekako erlojupekoa eta Hepburn jarri da lider

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde australiarrak zazpi segundoko aldea atera dio helmugan Jumbo-Vismari.

  • Mitchelton-Scotteko txirrindulariak ahalegin betean.

    Mitchelton-Scotteko txirrindulariak ahalegin betean. Argazkia: EFE

Mitchelton-Scott taldeak lortu du garaipena Tirreno-Adriatico lasterketaren 54. edizioari hasiera eman dion taldekako erlojupekoan. Etapa Lido de Camaiore herrian hasi eta amaitu da, 21,5 kilometroko ibilbidea bete ostean.

Michael Hepburn (Mitchelton-Scott) australiarrak jantzi du liderraren elastiko urdina, bere taldeak egin duen denbora ikusgarriari esker (22 minutu eta 25 segundo, 57,54 kilometro orduko abiaduran).

Mitchelton izan da erlojupekoari ekin dion azken taldea, eta helmugan zazpi segundotan hobetu du Jumbok ordura arte zeukan denborarik onena.

Proba zirraragarria izan da azken unera arte, eta hasi ere ezusteko batekin hasi da; izan ere, Bora Hansgrohe taldeko Rafal Majka poloniarrak eta Oscar Gatto italiarrak erorikoa izan dute, errepidea era desegokian zeharkatzen ari zen gizonezko batekin tupust egin eta gero.

Bora taldeko txirrindulariek istripua izan dute.

Zorionez, bi txirrindulariak eta oinezkoa onik atera dira istriputik, nahiz eta zauri eta kolpe batzuk jasan dituzten. Aitzitik, Borak denbora galdu du, eta zapuztu egin zaio erlojupeko saioa. Azkenerako, lehen hamarretatik kanpo geratu da.

Etapako garaipenaren lehiari dagokionez, Adam Yates britainiarraren Jumbo Visma taldea egon da sailkapeneko lehen postuan Mitchelton-Scott sartzea besterik falta ez zenean.

Hori dela eta, tentsioa egon da azken unera arte. Gainera, Australiako taldeko kideak ere ezbeharra izateko zorian egon dira errepidea gurutzatzen zebilen emakumezko batekin eta haren zakurrarekin. Aitzitik, oinezkoa ozta-ozta saihesteko gai izan dira, eta, abiadura bizian egin duten azken esprinta dela medio, etapa eta elastiko urdina bereganatu dute.

Horrenbestez, Mitchelton Jumbo eta Sunweb taldeen aurretik sartu da. Skyk bosgarren tokian amaitu du etapa, eta Vincenzo Nibaliren Bahrain-Merida hamargarren izan da.

Ostegun honetan, bi itsasoen arteko lasterketan parte hartzen ari diren txirrindulariek bigarren etapa jokatuko dute, Camaiore eta Pomarance artean, 189 kilometroko ibilbidean zehar.