Itxi

Txirrindularitza

ROMANDIAKO ITZULIA

Kungek irabazi du Romandiako Itzuliko bigarren etapa, ihes eginda

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Groupama taldeko suitzarrak ia minutu bateko aldea atera dio Sam Bennett buru zuela helmugaratu den tropel nagusiari. Roglicek, bere aldetik, lider jarraitzen du.

1:51
Stefan Kung

Stefan Kungek (Groupama - FDJ) irabazi du ostegun honetan jokatu den Romandiako Itzuliko bigarren etapa. Txirrindulari suitzarrak ihes eginda eskuratu du Le Locle eta Morges artean jokatu den 174,4 kilometroko etapa. Primoz Roglic esloveniarrak, bere aldetik, lider jarraitzen du.

Sei txirrindulari batu dira eguneko ihesaldian: Geminas Bagdonas (AG2R), Stefan Kung (Groupama), Jorge Arcas (Movistar), Frederik Backaert (Wanty-Gobert), Nathan Brown (EF) eta Claudio Imhof (Swiss Team).

Tropelak euria eta tenperatura baxua (10 gradu) izan ditu bidelagun etapan zehar, eta ez du aparteko trabarik jarri ihesaldiak bidea egin zezan. Hori bai, amaierara iristeko 60 kilometroren faltan, Bora eta Deceuninck taldeak tiraka hasi dira.

Etapak aurrera egin ahala, ihesaldia kideak galtzen joan da; aitzitik, Kungek ekinean jarraitu du zoru bustian arriskuak hartuta, eta tropela ez da hura harrapatzeko gai izan.

Suitzarrak lau ordutik gora (04:10:59) behar izan ditu ibilbidea betetzeko, eta 59 segundora sartu da tropela, Sam Bennett (BORA – Hansgrohe) buru zuela.

Romandian lortu duen hirugarren etapa izan da gaurkoa Kungentzat, 2015ean eta 2017an ere nagusitu baitzen etapa batean, aurreko bietan ere ihes eginda.