Itxi

Txirrindularitza

ZIGORRA

Samuel Sanchezen positiboa kutsatutako osagarri batek eragin zezakeela onartu du UCIk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ondorioz, bi urteko gutxieneko zigorra ezarri dio, baina ez isun ekonomikorik.

  • Samuel Sanchez BMCren elastikoarekin

    Samuel Sanchez. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia

Nazioarteko Txirrindularitza Federazioak (UCI) berretsi egin du Samuel Sanchez txirrindulariari "bi urteko zigorra" ezartzea, 2017ko abuztuaren 9an dopinaren aurkako araua hautsi baitzuen, GHRP-2 substantzia debekatua dela medio.

Aitzitik, UCIk plazaratu duen oharrean adierazten denaren arabera, "Samuel Sanchezek emandako azalpenak eta aurkeztutako frogak aztertu ostean, UCIk onartu egin du arau hauste hori txirrindularia hartzen zegoen osagarri kutsatu baten eraginez gertatu ahal izan zela".

"Nola Sanchez 2017ko abuztuaren 17tik behin-behinean zigortuta dagoen, bere zigorraldia 2019ko abuztuaren 16an amaituko da". Ondorioz, jar diezaiokeen zigorrik txikiena ezarri dio UCIk (bi urte), eta isun ekonomikoa ordaintzetik salbuetsi du.

Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izan zen 2000tik 2013ra bitartean. 2008an txapeldun olinpiko bihurtu zen, Pekinen. 2017an, positibo eman zuen dopinaren aurkako kontrol batean, eta, horren ondorioz, ez zuen Espainiako Itzulian parte-hartzerik izan.

Samuel Sanchezen B laginak ere positiboa berretsi zuen, eta, horren aurrean, BMC bere orduko taldeak kontratua eten zion.

Sanchez, pozik

Bere aldetik, Samuel Sanchezek ohar bat argitaratu du. Bertan adierazi duenez, "ados eta pozik dago bere auziak izan duen erabaki eta ondorioekin"; izan ere, bere aburuz, bere ibilbidea zein irudia "kalterik gabe" geratu dira.