Itxi

Txirrindularitza

zalantzan

Emakumeen Biraren etorkizuna, kinkan

eitb.eus

Arduradun nagusiak datorren urtean ez zela lasterketa jokatuko jakinarazi zion UCIri.

  • Elisa Longo, Emakumeen Biraren azken irabazlea

    Elisa Longo, Emakumeen Biraren azken irabazlea

UCIk (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) asteazken honetan eman du jakitera 2020ko UCI World Tourreko egutegia, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorietan. Aitzitik, zerrenda horretan ez da ageri Emakumeen Bira, azken urteetan egin ohi izan duen legez.

ETBk jakin ahal izan duenaren arabera, aurtengo denboraldian maiatzaren 22tik 25era jokatu den lasterketak datorren denboraldian ez korritzeko arriskua dauka gaur gaurkoz, lasterketa antolatzaileari uzteko erabakia helarazi baitio UCIri arduradun nagusiak. Horrenbestez, aipatu proba ez da inongo egutegitan agertzen.

Duela hilabete eskas bukatutako edizioa XXXII.a izan zen, eta bertan Elisa Longo Borghini (Trek-Segafredo) txirrindulari italiarra gailendu zen, Amanda Spratt (Mitchelton Scott) australiar faboritoari bi segundoko tartea aterata. Hirugarren tokia Soraya Paladin (Alé Cipollini) italiarrak eskuratu zuen.

Donostiako klasikoa, uztailaren 25ean

Horrez gain, UCIk gaur jakinarazitako egutegiko beste alderdi azpimarragarriena da 2020an hainbat lasterketak aldaketak izango dituztela euren datetan, Tokioko Joko Olinpikoen eraginez. Besteak beste, Donostiako Klasikoa uztailaren 25era pasatu dute.